Badatoz aurtengoan ere Beheko Arrabaleko jaiak
Zapatuan [urriak 21] umeak izango dira protagonista nagusiak. Arratsaldean Oinkari dantza taldeak eta Hika Teatroak 'Gazte' dantza ikuskizuna eskainiko dute.
40 urte inguru dira Beheko Arrabaleko jaiak ospatzen dituztela Atxondoa kalearen inguruan, eta urtero bezala, aurtengoan ere margo lehiaketagaz hasiko dute eguna zapatuan [urriak 21].
Aurtengoa 27. lehiaketa izango da hain zuzen ere: “Margolanak momentuan egin behar dira, ordutegiaren barruan. Orria, edo nahi den mihisea lehenengo Bikale tabernara ekarri behar da, guk zigilua jarri eta momentuan egindako lana dela erakutsi ahal izateko”. 3 eta 9 urte bitarteko umeek parte hartu ahalko dute, teknika libreagaz.
10:00etatik 12:00etara bitartean jarriko dituzte kontrol markak, eta margolanak 14:00etan jasoko dituzte antolatzaileek. Sari banaketa berriz, 19:00etan izango da, Bikale tabernan, eta bertan egongo dira ikusgai margolanak hilabete guztian.
Margo lehiaketa amaitu eta bazkaldutakoan, arratsaldeko ekintzak 17:00etan hasiko dira, auzokideek prestatutako txokolateagaz eta buruhandiekin. Aldi berean, Rakel Pujana eta bere ikasleak arituko dira kaleak alaituz, trikiti eta pandero doinuekin, 19:00ak arte.
Margo lehiaketako sari banaketaren ostean, aurtengo berrikuntza etorriko da eta kaleko ikuskizunak hartuko du Atxondoa kalea: Gazte dantza ikuskizunagaz gozatzeko aukera egongo da. Hika Teatroaren ekoizpena da, eta Oinkari dantza taldeagaz osatu dute ekarlan artistikoa. Euria eginez gero, ikuskizuna Plazabarripean izango dela adierazi dute antolatzaileek.
Auzotarrei deialdia. Aurtengo jaietan umeentzako ekintzak protagonista diren arren, garai batean mota guztietako ekimenak egoten ziren: “Hiru musika talderen kontzertuak eskaintzera ere iritsi gara”. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, “baliteke aurtengo jaiak azkenak izatea”. Jaien antolakuntzara auzotarrak etortzeko deialdia zabaldu dute gaur egungo antolatzaileek: “Inork ez badu ardura hartzen, aurtengoa azkena izan daiteke”.