Ia 600 mendizale egongo dira XVI. Ermitarik Ermita Mendi Martxan
Parte hartze bikaina edukiko du zapatuan [urriak 21] egingo duten mendi martxak. Egunean bertan ere izena eman ahalko da, baina oparia ez da ziurtatuta egongo.
Aulesti inguruko auzo, baso eta mendiak zeharkatuko dituzte datorren zapatuan [urriak 21], Ermitarik Ermita Mendi Martxan. Mendizaleek goi-goitik gozatu ahalko dute mendi ibilaldiaren XVI. ekitaldiaz. Aurretiaz izena emateko epea urriaren 13an zarratu zen eta, gaur-gaurkoz, 573 lagun daude ziurtatuta astebururako. Aulestiko Udaletik “oso pozarren” agertu dira mendizale kopuruagaz: “Pandemiaren urte biko etenaldia baino arinago eta ostean, jende ugari animatu izan da mendi martxetara. Aurten, ez da gutxiago izango: urteroko parte hartzaileen kopurura ailegatuko gara eta, beharbada, zertxobait gehiago ere bai”.
Kamiseta lortzea ziurtatuta eduki ez arren, egunean izena emandakoek ere kopaurako pultsera eskuratuko dute
Udal ordezkariek, era berean, aurreratu dute zapatuan izena emateko aukera ere egongo dela, martxak abian ipini orduko. Egunean bertan animatzen direnek, baina, ez dute oparia ziurtatuta edukiko: “Aurretiaz izena emandakoaek elastikoa eta amaieran egingo dugun kopaurako pultsera jasoko dituzte opari. Zapatuan apuntatzen direnek, ostera, ez dute bermaturik edukiko elastikoa jasotzea; eskuratuz gero ere, izan liteke beste neurri batekoa izatea”. Dena dela, antolatzaileek iragarri dute bertaratzen diren guztiek edukiko dutela euren pultsera: “Guztiak daude gonbidatuta 12:00ak eta 15:00ak bitartean egingo den kopaura; denak ondo etorriak izango dira”.
Martxa luzea eta berezia plazan hasi eta amaituko dira, irteera 08:00etan hartuz; laburrari 10:30ean ekingo diote, parkean hasita eta plazan amaituta
Ibilbide bikainak. Ermitarik Ermita Mendi Martxaren urteroko erakargarrietako bat, antolatzaileen iritziz, “ibilbide ikusgarriak” izan ohi dira. Aurten, hiru distantziako ibilaldiak egin ahalko dituzte martxalariek: luzea, berezia eta laburra. Lehen biak 08:00etan hasiko dira, eta azkena, berriz, 10:30ean. Bestalde, lehen biak herriko plazan hasi eta amaituko dira, eta hirugarrena, ostera, parkean abiatuko dute, plazan amaitzeko.
Ibilbide luzeak 25 kilometroko luzera edukiko du, eta bidean, besteren artean, San Anton, Goierri, Urregarai, Malats, Zubero, Urriola, Murelaga, Garatxaga, Lekerika eta Narea inguruetatik igaroko da. Ibilbide berezia, luzeena eta gogorrena, 29 kilometrokoa izango da. Eguraldiaren arabera moldatu ahal izango den arren, momentuz, antolakuntza lantaldetik ez dute aldaketarik egin. Ibilbide laburrak 10 kilometro inguruko distantzia izango du, ondorengo tokietatik igaroz: Madalena, Murelaga, Garatxaga, Lekerika eta Narea.
Hiru ibilbideetan anoa postuak egongo dira, eta helmugan dutxatzeko aukera egongo da
Hiru ibilbideetan zehar, anoa postuak egongo dira, jatekoagaz nahiz edatekoagaz. Gainera, udaletik aurreratu dute herriko tabernak goizetik zabalik egongo direla, bertaratzen direnek han gosaldu gura baldin badute. Behin ibilbideak amaituta, dutxatzeko aukera edukiko dute martxalariek. Antolatzaileek adierazi dute galarazota egongo dela martxetara txakurrak eroatea. Aurtengo ekitaldiko kartelak, bestalde, logo berria dauka, Nahia Coello Kaltzakorta ispastertarrak egina. Bere ekarpena ere aintzat hartu gura izan dute udaletik, “eskerrik beroenak” emanez.