70 lagunetik gora, Lea-Artibai Festen lehenengo asteburuan
Asteburu honetan [urriak 28 eta 29] Markina-Xemeinen, Etxebarrian, Ondarroan eta Ispasterren hainbat ekintza egongo dira.
Lea-Artibai Festen lehenengo asteburua ospatu dute jada Ispasterren eta Lekeition. Antolatzaileek adierazi dutenez, jendearen aldetik esperotako erantzuna jaso dute asteburuko hiru ekintzetan, eta guztira 70 lagun inguruk parte hartu dute. Lea-Artibai Fundazioak antolatu du, BFAren eta Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzagaz.
Zapatuan, urriaren 21ean, Ispasterko herriko plazan elkartu ziren parte hartzaileak, herriko tabernan gosaldu eta Ogella hondartza ezagutzeko. Domekan berriz, goizean txakolinaren ibilbidea egin zuten eta ostean, indarrak hartzeko, dastaketa egin zuten Trinkete tabernan. Egunagaz amaitzeko Andra Mariaren Basilikara bisita gidatua egin zuten eta baita dastaketa ere, Silken Uribarren jauregian.
Hiru ekintzetan “leku askotako” jendea mugitu dela aipatu dute antolatzaileek: “Esaterako, Bilbotik, Sestaotik, Gasteizetik, Garaitik eta Legutiotik etorri da jende. Bisitez gain, egin ditugun dastaketetan Hamen Bertoko produktuak dastatzeko aukera egon da”.
Eskualdeko hainbat lagunek ere parte hartu dute ekintzetan, “ez dituztelako bertako baliabideak ezagutzen”. Izan ere, horixe da ekimen honen helburua: “Behe denboraldian gaudenez, helburua kanpoko jendea eskualdera erakartzea da, bertako baliabide ezezagunenak erakusteko. Gure interesa izango litzateke, adibidez, Gasteizetik datorrenak bertan lo egitea, edo gaua pasatzen ez badu ere, bertan bazkaltzea eta egun pasa egitea eskualdean”.
Hurrengo ekintzak. Pasaden asteburuko ekintzez gain, urriaren 28an eta 29an ere hainbat ekintza egin ahalko dira eskualdean. Zapatu arratsaldean [urriak 28] Markina-Xemeinen eta Etxebarrian egingo dituzte ekintzak. Argazki rallyagaz hasiko dute arratsaldea. Ostean, Urko ibilbidea egin ahal izango dute eta tokiko produktuen dastaketa egingo dute Antsotegi hotelean.
Domekan aldiz, Ondarroan hasiko dute eguna eta Ispasterren amaitu. Ondarroan, 11:00etan, bisita gidatua egingo dute eta ostean arrain dastaketa. Ispasterren artearen txanda izango da, eta zianotipia tailerra egingo dute parte hartzaileek. Domekan egingo diren ekintzetarako izen ematea beteta dago jada, baina zapaturako tokia geratzen da oraindik.