Bi bikote hautagaiak finalean egongo dira
Ihart Arakistain-Eneritz Lizardi eta Arai Lejardi-Erika Mugartegi bikoteek jokatuko dute emakumezkoen elite mailako bikotekako txapelketa.
Mutrikuko Miruaitz pilotalekua emakumezkoen bikotekako elite mailako zesta-punta txapelketaren esperoan dago. Ligaxka eta finalaurreko partiduak igarota, horrenbestez, antolatzaileek aurreikusitako bikote bien artean lehiatuko dute finala. Edozelan ere, txapelketa osoan batez besteko “maila oso handia” eta harmailetan “giro paregabea” egon direla adierazi dute.
AZKEN FINALAURREKOKO ARGAZKIAK
Bigarren finalaurrekoan, Ihart Arakistain berriatuarrak eta Eneritz Lizardi mutrikuarrak Maite Ortiz de Mendibil arabarra eta Maialen Aldazabal berriatuarra eduki zituzten aurrez aurre. Finalerako txartela uste baino errazago poltsikoratu zuen lehen bikoteak, Danok Bat klubetik azaldu dutenaren arabera: “Arakistainek eta Lizardik frogatu zuten kantxa barruan euren artean taldelan bikaina egiteko gai direla, eta bertute hori behin eta berriro aprobetxatzen saiatu ziren”.
Ortiz de Mendibilek eta Aldazabalek hutsegite asko egin dituzten, eta horrek hauspotu egin zituen aurkariak
Ortiz de Menbidil eta Aldazabalek, ostera, ez zuten egunik onena eduki: “Beharbada urduritasunak jota edota egun txarra edukitzeagatik, hutsegite asko eduki zituen beraien jokoak. Akats horiek, gainera, hauspotu egin zituzten aurkariak; azkenean, ezer gutxi egiterik izan zuten”.
15-6ko eta 15-7ko markagailuekin nagusitu ziren Arakistain eta Lizardi
15-6ko eta 15-7ko markagailu argiekin lortu zuten Arakistainek eta Lizardik finalera igarotzea. Dena dela, txapelketako azken txanpan pilotari bikote gogorra edukiko dute aurrez aurre, Arai Lejardi eta Erika Mugartegi markina-xemeindarrek osatutakoa. Hainbat eta hainbat txapelketatan elkarrekin jokatu izan duten pilotariak dira bi horiek, eta Mutrikuko elite mailakoan sobera frogatu dute lehiaketa eskuratzeko bezainbesteko mailan daudela. Finala datorren barikuan [urriak 27] izango da, 19:30ean hasita.
Ortiz de Mendibilek eta Aldazabalek Helena Barrenetxea eta Frida Watkins edukiko dituzte aurrez aurre
Lehenik eta behin, hirugarren eta laugarren postuak zehazteko neurketa jokatuko dute; Ortiz de Mendibidek eta Aldazabalek Helena Barrenetxea durangarra eta Frida Watkins zumaiarra edukikodituzter aurkari. Partidu horren ostean izango da finalisten txanda. Danok Batekoek, orain arte gertatu legez, Miruaitzeko harmailak jendez betetzea espero dute: “Ostiralero giro bikaina egon da, ikusleek txapelketari erantzun polita eman diote; azken jardunaldian ere horrelaxe izatea espero dugu”.