Egitarau betearekin dator Mutrikuko Gaba Beltza
Sei eguneko egitaraua aurkeztu du Mutrikuko Udalak: eguenean [urriak 26] hasiko dira ekintzak. Beheko Doinuak ekimeneren baitan Iara, Nore, DJ Rikki DJ Asa eta DJ Ace igoko dira agertokira.
Arimen Gaua gau berezia da mutrikuarrentzat, eta ohiturak ohitura, sei eguneko egitarau bete-betegaz aurkeztu du Mutrikuko Udalak Gaba Beltzaren egitaraua. Ipuin kontalarien saioak, musika, dantza, kalejirak eta mamuaren erreketa dira aurtengo osagarri bereizgarrienak. Eguenean [urriak 26] hasiko dira ekintzak, eta hain zuzen ere, azaroaren 5era arte ekimenetan murgilduta egongo dira.
Ilun iluna Alberto Bargos ipuin kontalariaren saioarekin hasiko da beldurraren astea, urriaren 26an, 17:15ean: “Ikara gehiegirik pasatu gabe, ikuslegoak beldurrezko ipuinak gazigozatuko ditu hotzikararen bat sentituz eta ezustekoren baten bat dugun artean”.
Barikuan, asteburua girotzen joateko Gaztelekuan egingo dituzte emanaldiak, eta zapatuan [urriak 28], berriz, jai giroa ez da faltako herrian. Arima Dance taldeak antolatu duen kalejirarekin gozatzeko aukera izango dute herritarrek, gorputzak astinduz, Miruaitz Frontoian egingo duten emanaldiraino bidea eginez. Ilunabarrean, berriz, iaz lehenengo aldiz antolatu zen Beheko Doinuak bakarlari eta taldeei oholtza eskaintzeko ekimena hartu du Beheko Plazak, hain zuzen ere, udalak ekimenari jarraipena ematea erabaki baitu. Aurten, Iara, Nore, DJ Rikki DJ Asa eta DJ Ace izango dira agertokira igoko direnak.
Urriaren 31n, urteroko ezinbesteko hitzorduaren unea ailegatuko da: Talaixako mamua jaitsiko da herrira, eta urteko gau beldurgarrienari ekingo diote. Axuri Beltzaren kalejira abiatuko da, Gure Ametsa dantza taldeak, Txistu taldeak, Akordeoi taldeak eta Gaztetxeak antolatuta. Talaixako mamuari su emanaz bukatuko dute gaua. Egitarauari amaiera emango dio Heriotzaren kafea: hitz egin dezagun heriotzaz Aiara Etxeartek gidatutako saioa egongo da azaroaren 4an.