Mutrikuko Herri Krosa lehiatuko da zapatuan
Krosa eta kros txikia, biak ala biak, zapatuan [urriak 28] lehiatuko dira. Parte hartu nahi dutenek Herrikrosaren webean eman dezakete izena aurretiaz.
12:00etan emango diote hasiera ibilbideari Mutrikuko XX. Herri Kroseko parte hartzaileak. Goiko Plazatik abiatuko dira eta Debarainoko ibilbidea egin beharko dute, joan-etorria eginez; 10 kilometroko ibilbidea osatuz.
Mutrikuko Talaixa Triatloi Klubak eta Mutrikuko Udalak elkarlanean antolatzen duten kirol proban parte hartu nahi dutenek Herrikrosaren web atarian eman dezakete izena aurretiaz, eta zapatuan bertan ere izena emateko aukera edukiko dute Goiko Plazan ipiniko duten mahaian.
Kros txikia. 12-16 urte bitartekoentzako 4 kilometroko proba egongo da. 12:00etan aterako dira, hain zuzen ere, proba nagusikoei irteera eman ostean. Izena ematea dohain izango da, baina kamiseta eskuratu nahi dutenek 5 euro ordaindu beharko dute.
Lehen hezkuntzakoak. Lehen Hezkuntzako umeentzako probak ere egongo dira zapatu goizean Mutrikun: LH 3. eta 6. mailakoentzat. 1.200 metroko lasterketa egin beharko dute, eta 11:00etan hasiko dute proba.