Palestinari babesa adierazteko elkartu ziren Mutrikun
Zapatuan [urriak 28] Bilbon egingo den manifestazio nazionalean egongo direla adierazi dute Kontseilu Sozialistatik; 18:00etan abiatuko da mobilizazioa, Jesusen Bihotza plazatik.
Lea-Artibaiko Kontseilu Sozialistak deituta Israelgo estatua hiltzailea, Palestinar herriarekin elkartasuna lelopean elkarretaratzea egin zuten zapatuan [urriak 21] Mutrikuko Goiko Plazan. “Israelgo estatu kriminala eta mendebaldeko estatuek Palestinarekiko daukaten izaera kolaboratzailea salatzen dugu, Palestinar herriari gure elkartasuna adierazteagaz batera”.
Azken asteetan emandako gertaerak erdigunean jarri zituzten: “Israelek hamarkada luzez Palestinar herrian aurrera daraman okupazioa eta genozidioa, azken asteetan aldatuta ikusi da Palestinako erresistentziak borrokaren bitartez eman duen erantzuna dela eta. Israelgo estatuak 1973tik geldituta zegoen makinaria militar guztia aktibatu duelarik Gaza inbaditzeko zein Palestinarrak suntsitzeko asmoz. Urteetako okupazioa, zein gaur egungo egoera, mendebaldeko bloke inperialistaren babesagaz gauzatu ditu Israelgo estatuak”.
Mendebaldekoen jarrera. Egoeraren aurrean agertutako jarrerak aztertu zituzten: eskumako alderdi parlamentarioek Israeli “babes zuzena” erakutsi diotela azpimarratu zuten eta ezkerrekoek, aldiz, elkarrizketarako eta elkarbizitzarako deia egin dutela. “Ezkerreko parlamentarioen esanetan, gatazkaren konponbidea bi alderdiek tentsio militarra txikitu eta negoziazio prozesu bat aurrera eramatea litzateke. Bakezaletasunagaz mozorrotutako adierazpenenek ezkutuan daramatzate Israelek eta mendebaldeko eliteek hainbat aldiz proban jarri gaituztela dagoeneko: eskaintzeko prest dauden akordio posible bakarra Palestinar herriari zapaltzaileen bakea inposatzea dela. Horrelako adierazpenak Israelgo erregimena zuritu, zapalkuntza egoera naturalizatu eta Palestinarren erresistentziaren kriminalizazioa bultzatzen dute”.