"Primeran" joan dira Beheko Arrabaleko jaiak
Margo lehiaketara 38 lan aurkeztu dira eta ikusgai egongo dira Bikale tabernan, hilabetez.
Zapatuan [urriak 21] ospatu zituzten Markina-Xemeingo Beheko Arrabaleko jaiak, eta “primerako eguna” pasa zutela adierazi dute antolatzaileek.
Umeak izan ziren protagonistak egun guztian. Goizean margo lehiaketagaz hasi zuten eguna, eta guztira 38 lan aurkeztu ziren. Lan guztiak ikusgai daude Bikale tabernan, hilabetez.
Arratsaldean ere giro aparta egon zen: “Jende mordoa ibili zen, eguna oso ondo joan zen eta gainera eguraldia ere mundiala egin zuen”. 17:00etan txokolatadagaz hasi zuten arratsaldea, eta baita buruhandien kalejiragaz ere. Giroa alaitzeko, Rakel Pujanak eta bere ikasleek trikiti doinuz alaitu zuten kalea. Egunagaz ezin hobeto amaitzeko, Gazte dantza ikuskizuna eskaini zuten Hika Teatroko eta Oinkari Dantza Taldeko kideek: “Dantzariak harrituta geratu ziren egon zen giroagaz, herriko jaiak ematen zutela esan zuten. Sekulakoa izan zela esan zuten, hunkituta egon ziren”.