Karmele Mitxelena eta Goio Ramos dira Zubikarai sariaren irabazleak
Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten nobela bekak bi saridun ditu aurten. 32 lan aurkeztu dira deialdira eta epaimahaiak "maila oso altua" egon dela nabarmendu du.
Atzo [azaroak 2] argitaratu zen 2022ko Augustin Zubikarai bekatik ateratako lana: Patxi Zubizarretaren ‘Loak ezkutatzen duena’. Euskal literaturari ekarpen bat gehiago egin ostean, beste proiektu bati bultzada emateko ordua zen, zehazki, 2023ko sariduna izendatzeko. Aurten, baina, lehenengo aldiz, bi izan dira saritutako proiektuak: Karmele Mitxelena oiartzuarraren ‘Zoriontasuna, edo antzeko zerbait’ eta Goio Ramos basauriarraren ‘London Calling’.
Bi idazleen artean banatuko dute lortutako 8.000 euroko saria eta bi lan argitaratuko dira datorren urtean. Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak 32 lan jaso ditu eta “oso maila ona” egon dela nabarmendu dute, hain zuzen ere, horregatik erabaki dute bi proiektu saritzea.
‘Zoriontasuna, edo antzeko zerbait’ Karmele Mitxelenaren proiektuak alargun geratu berri den, Maria, emakume helduaren barne eta kanpo bidaiak kontatuko du, bere burua berrasmatu nahian. “Sentimenduak nabarmentzen diren eleberri bat da (poza, haserrea, tristura, lotsa, errua…), lehen pertsonan idatzitako prosa dotore eta ñabarduraz beteriko baten bidez emana”.
‘London Calling’ Goio Ramosen proiektuak idazlearen bi pasioak uztartzen ditu: literatura eta musika. 80ko hamarkadan kokatzen da eta Hilotzak musika taldea da ardatza. Horren inguruan hainbat gai agertuko dira kontakizunean: droga, politika, harremanak… “Taldekide baten alabak gaur egun Londresko metroan kanta bat entzutean hasten da kontakizuna, izan ere, inoiz diskorik grabatzera iritsi ez zen talde baten kanta da entzun duena, non eta Londresko metroan…”.