Mendexako Udalak UEMAko kide izatea onartu du aho batez
Atzo [azaroak 2] egindako udalbatzan onartu zuten. Udalak euskara zaintzearen beharra erdigunean jarri du: "Datuak erakusten dute euskara zaintzen ez denean galerak egoten direla".
Mendexako Udalak UEMAko kide izatea onartu zuen atzo [azaroak 2] egindako udal osoko bilkuran eta UEMAko 103. kidea izango da. Aho batez onartu zen proposamena EH Bilduko ordezkarien aldeko bost boto eta EAJko ordezkarien aldeko bi botogaz.
Alaitz Uskola Berdintasun eta Ongizate zinegotzia izango da UEMAko ordezkaria eta bere esanetan “pozgarria” izan da erabakia aho batez onartu izana, hain zuzen ere, agintaldirako prestatutako programaren baitan zegoen gaia baitzen.
Azken urteetan egindako azterketek adierazten dute herrian euskararen erabilera beherakada jasan duela, eta horren aurrean zerbait egin beharra argi ikusi zuten: “Azken urteetan ikusi dugu euskararen erabilera jaitsi egin dela herrian eta azterketek ere hori adierazten dute”.
Datuak. Hain zuzen ere, etxeko hizkuntzaren erabilerari dagokionez 2001ean euskararen erabilera %80,9koa zen eta 2021ean, berriz, euskararen etxeko erabilera %57,5ekoa zen. “Datuak erakusten dute euskara zaintzen ez denean galerak egoten direla eta bestetik jakitun gara euskara bultzatzeko eskumena udalek dugula. Hortaz, mankomunitate honetan sartzeak beharrezko indarra eta tresnak ematen digu eskumen hori fundamentuz erabili eta euskararen alde lan egiteko gure herrian”.
Eskualdeko beharra. UEMAren sorreran Mendexa presente egon zen, naiz eta duela urte batzuk atera egin zen. “Mendexa UEMAren sortzaileen artean zegoen. Horrez gain, Lea Artibai eskualde mailan gutxi geratzen garela ikusten genuen eta bagenekien egin behar genue zerbait zela”.