EH Bilduk Berriatuko taldea aurkeztu du
Herriko taldea aurkezteaz gain, azaroaren 18an 'Nazioa gara' lelopean EH Bilduk deitutako mobilizazio nazionalera joateko deialdia ere luzatu dute.
Berriatuko EH Bilduk herriko taldearen aurkezpen ekitaldia egin zuen pasaden barikuan [azaroak 3], eta 20 lagun inguru batu ziren: “Giroa ez zegoen ona, eta eskolako aterpean egin behar izan genuen. Hala ere, nahiko txukun geratu zen ekitaldia, eta 20 lagun inguru elkartu ginen”.
Alex Manzanok hitz egin zuen Berriatuko EH Bilduren taldearen izenean, eta Jon Arriolak berriz, Bizkaiko Batzarkide bezala. Herrian udaleko lanez gain gai desberdinak jorratuko dituen EH Bilduren talde bat egongo dela aurkeztea izan zen helburua: “Besteak beste, azken 10 urteetako EH Bilduren bilakaera azaldu eta urteko plangintzaren kokapen politikoa egin genituen”.
Horrez gain, Nazioa gara lelopean azaroaren 18rako EH Bilduk deitutako mobilizazio nazionalera joateko deialdia ere luzatu zuten herrian: “Nazioa gara leloa zergatik den azaldu genuen, eta ze garrantzia daukan gaur egun nazio auzia zabalik edo lehen lerroan jartzeak. Horrekin batera, baita ze garrantzia daukan hemendik ere nazio bat garela, zazpiak bat garela, azpimarratzeak”. Ekitaldiren ostean, Uxue Mugartegi herriko gazteak hiruzpalau abesti jo zituen, eta amaitzeko, pintxo jana egon zen.