Markina-Xemein eta Berriatua, klubik onenak
Berriatua eta Markina-Xemein nagusi agertu dira kluben arteko Bizkaiko Txapelketako finaletan.
Asteburuan zesta-puntako kluben arteko Bizkaiko Txapelketa hartu du Durangoko Ezkurdi pilotalekuak. Hain zuzen ere, txapelketako kategoria denetako finalak jokatu dituzte. Lehiaketak protagonista nagusi bi eduki ditu, final denak bete dituztenak: Markina-Xemein, batetik; Berriatua, bestetik. Izan ere, udalerri bi horien artean jokatu dituzte bost kategorietako finalak.
Kadete mailan, Berriatuko Uribesalgo-Goikoetxea bikotea gailendu da, Markina-Xemein 1 taldeko Maguregi-Garitagoitia bikotearen aurka. Gazteen artean onenak Uriarte eta Landaluze markina-xemeindarrak izan dira, Berriatua A-ko Alberdiren eta Galdosen kontra. Emakumezkoen artean, Mugartegi eta Lejardi markina-xemeindarrek mailako garaipena lortu dute Arakistain eta Aldazabal berriatuarren aurka. Gizonezkoen bigarren mailako finalean, Danel-Salegi bikote markina-xemeindarra nagusitu zaio Unaxek eta Patxik osaturiko berriatuarrari. Lehen mailakoen finalean, azkenik, Markina-Xemein 2 taldeko Ormaetxeak eta Elkorobarrutiak ezer gutxi egin ahal izan dute Alberdi eta Aldazabal berriatuarren aurka.