Bost antzezlan hartuko ditu Zabielek, Antzerkiaz blai! ekimenaren baitan
Sarrerak eskuragarri daude . Azaroaren 12an abiatuko da ekimena eta abenduaren 16an zehaztu dute azkenengo hitzordua.
Bost hitzordu zehaztu ditu Mutrikuko Udalak antolatutako Antzerkiaz blai! ekimenak; hiru antzezlan dakartza azaroan eta bi, ostera, abenduan.
Gustu guztiei eskaintza egiteko asmoz, haur eta nagusiei bideratutako lanak ekarriko dituzte herrira. Sarrerak jada eskuragarri daude eta bi aukera daude lortzeko Turismo Bulegoan eta Interneten. Guztiek izango dute prezio berdina: 3 euro. Umeei zuzendutako saioak, berriz, doan izango dira.
Azaroaren 12an abiatuko da egitasmoa, hain zuzen ere, Txalo produkzioak konpainiaren Kanpora sartzen antzezlana izango da hilabeteko kultur eskaintzari hasiera emango diona. Intza Alkain eta Xabin Fernandez taularatuko dira, Aitziber Garmendiaren gidaritzapean, sentimendu gordinenen eta umorearen arteko oreka bilatzen duen antzezlanean. “2013ko martxoaren 11n, Xabinek seropositiboa zela jakin zuen; egun hartan, dena aldatu zen. Hamar urteren ostean, Xabin eta birusaren arteko harremanaz hitz egiteko garaia iritsi da. Nola eragin du birusaren etorrerak Xabinen eguneroko bizitzan?”.
Jon Plazaolaren bakarrizketa eta Aitziber Garmendiak zuzendutako Kanpora sartzen daude eskaintzen artean.
Bigarren hitzordua Ameztu antzerki taldearen Ipurbeltz izango da, Unai Saenz eta David Gutierrezek mundua ikusteko modu desberdinak onartzearen garrantziaz hitz egingo dute. “Bakoitzak kolore ezberdin batekin ikusten dugu bizitza eta askotan ez gara konturatzen besteen koloreak gurea bezain baliozkoak direla. Zuhaitzentzat bizitza berdea da, Arbirentzat ordea morea, bakoitzak era ezberdin baten ikusten ditu gauzak eta ez dute elkar ulertzen, baina hasieran arazo bat dirudiena, altxor bihurtzen da”.
Akelarre antzerki taldearen eskutik etorriko dira eta herriko txikienei zuzendutako saioak.
Tu Tum Platz Jon Plazaolaren umorezko bakarrizketak osatuko du azaroko eskaintza. Plazaolak taula gainean bere lehen agerraldia egin zuenetik 23 urte pasa dira eta bere hastapenetara bueltatuz stand up formatuko bakarrizketari heldu dio. “Hori bai; 23 urte zaharrago, 23 urte jakintsuago eta 23 urte kabroiago. Ordubete izango dugu umorez betetako kolpez kolpe baten ondoren ardo ona bezala urteen poderioz hobera egin duen, ala ardo txarra bezala ozpindu den jakiteko”.
Abenduko eskaintzak bi hitzordu izango ditu, biak al abiak, Akelarre antzerki taldearen eskutik etorriko dira eta herriko txikienei zuzenduta egongo dira. Lehenengo saioa abenduaren 2an izango da, Klase partikularrak etxean eta Lapurreta museoan antzezlanekin. Bigarren eta azken saioa, berriz, Artista famili bat eta Lasaitasunaren hotela izango dira.
EGITARAUA
- Azaroak 12. Kanpora Sartzen Txalo Produkzioak, 19:00etan, Zabiel kultur etxean.
- Azaroak 19. Ipurbeltz Ameztu antzerkia, 18:00etan, Zabiel kultur etxean.
- Azaroak 24. Tu Tum Platz, Jon Plazaolaren bakarrizketa (Txalo Produzioak) 19:00etan, Zabiel kultur etxean.
- Abenduak 2. Akelarre antzerki taldearen Klase partikularrak etxean eta Lapurreta museoan, 19:00etan, Zabiel kultur etxean.
- Abenduak 16. Akelarre antzerki taldearen Artista famili bat eta Lasaitasunaren hotela, 19:00etan, Zabiel kultur etxean.