Kilometroak ez dira traba elkartasunerako
Palestinaren eta Israelen arteko gerraren amaiera eskatzeko asmoagaz, herritarrak elkarretaratzeetan bildu eta bilduko dira udaletxeen aurrealdeetan nahiz hezkuntza zentroetan.
Palestinaren aldeko eta gerraren aurkako elkartasun uriolak aurrera darrai. Berehalako su etena eta herritar zibilen bizitzak zein segurtasuna errespetatuak izan daitezen aldarri egitea da egunotan Euskal Herrian egiten ari diren manifestazioen nahiz elkarretaratzeen jomuga. Gaur [azaroak 7], Lea-Artibaiko hainbat udalerritan kalera atera dira, Gernika-Palestina herri ekimenagaz bat eginda, Israel palestinar herriaren kontra egiten ari den genozidioa salatu asmoz.
Goizetik hasita, hezkuntza zentroak zein udaletxeetako atariak aldarrikapen esparru bihurtu dituzte herritarrek. Mobilizazioa ahalik eta zabalena izatea helburu, alderdi politikoek, mugimendu sozialetako eragileek eta sindikatuek bat egin dute deialdiekin. Sarraskiari herri mailako erantzun bateratua ematea, hain zuzen ere, giltzarri izan da. Era berean, elkarrizketa prozesu bat abian ipintzea guztiz beharrezkotzat jo dute mobilizazioetan.
Hezkuntza zentroek tarte aldarrikapenerako tartea hartu dute hainbat tokitan. Ondarroako Zubi Zahar ikastolakoak 12:30ean bildu dira; Markina-Xemeingo Lea-Artibai ikastetxekoak, berriz, 10:50ean. Ondarroako Alamedan, Markina-Xemeingo udaletxe aurrealdean eta Lekeitioko Eskolapean, aldiz, 19:00etan edukiko dute hitzordua. LAB Irakaskuntzak mobilizazioetan ahalik eta langile gehien elkartzeko deialdia luzatu du, erasoaldien jarraipenak “ondorio geroz eta lazgarriagoak” sorrarazi ditzakeen jakitun. Herri txikiek ere elkartasunaren aldeko eta txikizioaren aurkako mezua bidaliko diote munduari: Mendexan edota Aulestin elkartuko dira herritarrak.
Palestinar sindikatuen deia. Gatazka armatua gertatzen ari den tokian bertan, herrialde osoko sindikatuek elkartasunaren aldeko deialdi bateratua egin dute. Hain zuzen ere, Palestinako sindikatuek mundu osoko langile klaseari eskatu diote Israeli saltzeko armak ekoizteari uko egiteko. Horrez gain, dagokien industriei ondorengo eskaerak egin dizkiete: Israelera armak eroateari uztea; gobernuei presioa egitea, Israelegaz komertzio militarra eteteko; eta Israelen eta hura egiten ari den “setio basatiaren” konplize diren enpresen aurkako neurriak hartzea.
Eskakizun hori egiteko bat egin duten sindikatu palestinarrak denetarikoak dira: administrazio publikokoak, nekazarienak, kazetarienak, dentistenak, industria farmazeutikokoak, albaitarienak, medikuenak, tabernarienak, eta abar luze bat.