Heldu da Lekeitiora ‘Basques in Australia’ erakusketa
Bihar [azaroak 10] hasi eta azaroaren 19ra arte egongo da erakusketa Lekeitioko Eskolape Aretoan.
Gernika-Lumon 3.500 lagunek baino gehiagok erakusketaz gozatu ostean, Lekeitiora heldu da Basques in Australia erakusketa.
Asko dira Euskal Herritik Australiara lanera joan behar izan zirenak eta euskaldun horien bizipenak ikusigai jarriko ditu Euskal Australiar Elkarteak asteburu honetan eta hurrengoan, Lekeitioko Eskolape Aretoan. Bihar [azaroak 10] eta azaroaren 17an 18:00etatik 20:30era egongo da ikusgai. Etzi [azaroak 11] eta azaroaren 18an, berriz, 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era. Azaroaren 19an amaituko da erakusketa, eta bai domeka honetan eta baita hurrengoan ere, 11:30etik 13:30era irekiko dute erakusketa.
Izen propioak eta toki desberdinetako jendea agertzen den arren, Busturialdeko eta Lea-Artibaiko euskaldun australiarrak dira erakusketako protagonista nagusiak. Argazkiak ez ezik, eskutitzak, erabiltzen zituzten lanerako tresnak eta dokumentuak ere ikusgai egongo dira bertan.