Lander Odiaga nagusitu da Markina-Xemeingo Lauzirika bolatokian
MX3T taldekoak lau txirlo lortuta lortu zuen garaipena zapatuan [azaroak 11], Markina-Xemeingo bolatokian. Euskal Herriko 33. Hiru Txirlo Bola Jaurtiketa Txapelketako finala Lasturren egingo dute, datorren zapatuan [azaroak 18].
Markina-Xemeingo Lauzirika bolatokiak Euskal Herriko 33. Hiru Txirlo Bola Jaurtiketa Txapelketako azken-aurreko jaurtialdia hartu zuen joan den zapatuan [azaroak 11]. Etxeko taldea, MX3T, nagusi agertu zen, bolatokia “oso tekniko” egon arren. MX3T A taldeko Lander Idoagak poltsikoratu zuen garaipena, lau txirlo lortuta. Podiuma, hurrenez hurren, MX3T Bko Gaizka Plazak eta San Migel etxeko Xabier Loiolak osatu zuten. Jarraian sailkatu ziren Asola-Berri taldeko partaideak: Bittor Astigarraga laugarrena izan zen; Garikoitz Rodriguez, bosgarrena; Pablo Davila, aldiz, seigarrena.
72 parte hartzaile aritu ziren Lauzirika bolatokian. Aparteko partaidetza hori tarteko “egun berezia” izan zela adierazi dute antolatzaileek. Gaur-gaurkoz, Angel Ibarluzea eta Aitziber Olaizola daude sailkapen orokorreko lidertzan: lehenengoak 22 puntu lortu ditu momentuz, eta bigarrenak, ostera, 13 puntu. Umeen sailkapenean, Manex Astola da nagusi, eta alebin mailan, berriz, Izadi Elorza. Taldekako lehiari dagokionez, San Migel A taldea da lehen postuaren jabe, Asola-Berri Aren eta MX3T Aren aurretik.
Finala, Lasturren. Euskal Herriko 33. Hiru Txirlo Bola Jaurtiketaren finala datorren zapatuan [azaroak 18] egingo dute, Itziarko Lastur herrixkan. Bertan erabakiko da aurtengo garaileak zeintzuk diren. Bola jaurtiketa saioaren ondoren, errekortariak eta herri bazkaria egingo dituzte, txapelketako sari emate ekitaldia orduko.