Ziortza-Bolibarko Udalak eta herriko elkarteek egitarau berezia antolatu dute indarkeria matxistaren aurka
Aurten herriaren burujabetzaren lorpena ospatu beharrean Euskal Herrian mugimendu feministak antolatu duen grebara batuko dira.
Ziortza-Bolibarko Udalak eta herriko elkarteek (besteak beste, Kanpape jubilatuen elkartea, Aranbaltz kultur elkartea) “aurtengoan ere” bat egin dute indarkeria matxistaren aurka egiteko. “Gizarte osoak eta herri guztiak bat egitea beharrezkoa da eskubide berdintasunaren bidean kontzientzia lantzeko”, adierazi dute. Horretarako, egitarau berezia antolatu dute.
2004ko azaroaren 30an Ziortza-Bolibarren desanexioa eman zen eta “herriaren burujabetzaren lorpena” ospatu izan dute urtero. Aurten, berriz, Mugimendu Feministak egun bererako deituriko grebara bat egitea erabaki dute. Horrenbestez, desanexio urteurrenaren ospakizuna atzeratzea erabaki dute. “Izan ere, garrantzitsua delako gizon eta emakume eta pertsona binarioen eskubide berdintasuna lortzea”.
“Gure herritarren bizi kalitate minimoa ziurtatze bidean zaintza eskubide kolektiboa lortzea eta bertarantz pausuak ematea garrantzitsua da. Herri justuagoa izate bidean Euskal Herriko emakumeen gain erortzen den pisu guztia arindu eta gizarte osoak zaintza eremuan duen ardura elkarbanatzeko ordua da. Beharrezkoa da herriko umeak, gazteak, helduak eta nagusiak kontzientzia minimoa bat hartzea”.
Era berean, ziortza-bolibartarrak azaroren 30ean greba egitera eta era aktiboan parte hartzera animatu dituzte udalak eta herriko elkarteek: “Belaunaldi berrientzat herri justuago bat eraiki behar dugulako”.
Egitaraua:
- Azaroak 24: Aire ahizpak eta Olatz Salvadorren kontzertua 20:00etan, udaletxeko bigarren solairuan.
- Azaroak 25. Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunean elkarretaratzea 19:30ean.
- Azaroak 30. Greba Feministan elkarretaratzea 11:00etan, Elizpe aurrean.