Auzo bilerak egingo dituzte Mutrikun
Azaroaren 22an, 23an eta 25ean izango dira aurrez aurreko batzarrak. Beste bide batzuk ere eskaini dituzte iritzi eta iradokizunak jasotzeko.
Urteroko ohiturari jarraituz Mutrikuko Udalak auzoz-auzoko batzarrak antolatu ditu auzo guztietako beharrak, kexak eta iradokizunak herritarren ahotik jasotzeko; ariketa azaroaren 22tik 25era bitartean egingo da.
“Urtero egin ditugu guretzat oso garrantzitsua delako herritarrek esateko dutena entzutea, hurbileko kontaktu horrek benetan beharrezko diren aldaketak eta hobekuntzak egiteko giltza direlako”. Hainbat bide eskainiko dituzte harreman hori bideratzeko; idatziz, online edo aurrez aurre. “Berriro ere aurrez aurre egingo ditugu eta zuen hitzak iristeko aukera ezberdinak eskainiko ditugu”.
Aurrez aurreko hiru batzar egingo dituzte, azaroaren 22an, 23an eta 25ean, Zabiel kultur etxean. Batzarrak guneka antolatuko dira, hau da, egun bakoitzean zehaztutako gunearen inguruan jasotako kexa, iritzi eta iradokizunei erantzungo dio udalak, eta Youtubeko kanalaren bidez ere bilera jarraitzeko aukera egongo da:
-
1. Gunearen bilera azaroaren 22an[eguaztena], 18:00etan.
Txurruka plaza, Domingo Ibaibarriaga, Erdiko kale, Konde kalea, Atxitxin kale, Atxitxin Aldapa, Beheko plaza, Barrenkale, Ipar Kale, San Gil, Frontoiko Aldapa, Sabanika, Azkiaga, Felix Txurruka, Tranpa kale, Nasa kalea, Piñastegi, Burumendi, Ibirriaga, Isabel Lobiano, Samikolla eta inguruak. -
2. Gunearen bilera azaroaren 23an [eguena], 18:00etan.
Jose Antonio Ezeiza, Agirre Lehendakaria, Madalena, San Miguel, Gaztañeta Almirantea, Jose Maria Altzibar, Entzus, Txurruka Tenienteak, Iriagirre, San Agustin, Hirigibel, Olatz Bidea eta inguruak. -
3. Gunearen bilera azaroaren 25ean [zapatua], 11:00etan.
Landa Eremuak, Pikupe eta Urazamendik.
Galderak eta erreguak bidaltzeko bost modu egongo dira:
- Internet bidez www.labur.eus/auzoz2023 helbidean.
- Posta elektronikoz gobernazioa@mutriku.eus helbidera idatzita.
- Auzo bileran zuzenean.
- Herritarrek etxean jasoko duten esku orriaren atzealdeko orria bete eta udaletxean, turismo bulegoan, liburutegian edo Merkatu Plazan jarritako buzoietako batean botata.
- Youtuben iruzkin bat idatzita zuzeneko emanaldietan.