Aritz Erkiaga eta Thibault Basque txapeldun, Jai Alai World Tour zirkuituan
Iñaki Osa Goikoetxearen eta Gorka Sorozabalen kontra jokatu dute finala. Lehia estu eta biziaren ostean, hirugarren seta irabazita jantzi dituzte txapelak ispastertarrak eta bidartarrak.
Aritz Erkiaga ispastertarrak eta Thibault Basque bidartarrrak distiratsu amaitu zuten Izarren Gaua, barikuan [azaroak 17], Bilboko Deportivo frontoian. Jai Alai World Tour zirkuituko txapelak zeuden jokoan, eta Iñaki Osa Goikoetxea zumaiarraren eta Gorka Sorozabal miarriztarraren kontra gogor borrokatu, eta arriskuak hartuta eskuratu zituzten horiek (15-10, 13-15 eta 4-5).
Goikoetxea jokoan sartzea saihestu, eta Sorozabal nekatzeko ahaleginean, Erkiaga eta Basque 9 eta 4 aurreratu ziren, baina 11 eta 1eko partzialagaz erantzun zieten Goikoetxeak eta Sorozabalek. Ondorioz, 15 eta 10 nagusitu ziren lehenengo jokoan zumaiarra eta miarriztarra. Sorozabal eroso eta seguru ibili zen atzean.
Bigarren seta lehiatuagoa izan zen. Pilota aldaketarekin, Erkiaga-Basque bikoteak indarrak hartu, eta partidan sartuta, lehenengo hiru tantoak egin zituzten. Hala ere, aurkariek beren jokoa egiten jarraitu zuten eta 4-5 hurreratu ziren markagailuan. Zortzinako berdinketarena izan zen gaueko tantorik luzeenetarikoa; 38 pilotakada egin zituzten, bi minutu pasatxotan. Bi bikoteak paretsu aritu ziren, nor baino nor gehiago.
Bigarren jokoaren erdialdera, Basquek min hartu zuen ezker aduktorean, eta ardura osoa Erkiagak hartu behar izan zuen, behar baino gehiagotan sartu behar izan zuen jokoan laguntzeko. Horiek 15 eta 13 irabazita, hirugarren setean erabaki zen 2023ko Jai Alai World Tourra. Arriskatu beharra zegoen, eta horixe egin zuten Erkiagak eta Basquek. Azken tantoak ere bizi-biziak izan ziren, arinak eta emozio bizikoak. Erkiagak eta Basquek aurrea hartu bazuten ere, Goikoetxeak eta Sorozabalek markagailua irauli zuten. Gero, ispastertarraren hormabikoagaz launa berdindu, eta Goikoetxeari pilotak gora alde egin izanak erabaki zuen neurketa.
Merino eta Watkins. Emakumezkoen partiduari dagokionez, Naroa Merino tolosarra eta Frida Watkins zumaiarra 5 eta 21 nagusitu zitzaizkien Helena Barrenetxea durangarrari eta Ihart Arakistain berriatuarrari. Bizkaitarrak hobeto hasi ziren arren, gipuzkoarrek partidua iraultzea lortu zuten.