Erkiagak eta Ibarluzeak esku-eskura daukate finalerdietarako txartela
Winter Serieseko 4. jardunaldian, Aritz Erkiaga ispastertarrak eta Ion Ibarluzea markina-xemeindarrak erraz irabazi diete Jokin Arbe markina-xemeindarri eta Mikel Manzisidor mutrikuarrari.
Aritz Erkiaga ispastertar aurrelariak eta Ion Ibarluzea markina-xemeindar atzelariak bigarren garaipena lortu zuten Winter Seriesean, atzo [azaroak 20], eta zazpi punturekin, B multzoko lidergoan sendotuta, finalerdietarako bidean dira. Johan Sorozabali eta Imanol Lopezi irabazi zieten 2. jardunaldian, eta, atzo, berriz, Pro Am txapelketa irabazita neguko txapelketa nagusian lekua egin duten Jokin Arbe markina-xemeindarra eta Mikel Manzisidor mutrikuarra mendean hartu zituzten: 15-6 eta 15-5.
Laugarren aldiz jarraian, Gernika-Lumoko Jai Alai frontoia leporaino bete zen (datorren astelehenerako sarrerak ere agortuta daude). Lehia estu eta bizirik ez, baina tanto eder bat edo beste eskaini zuten puntistek, eta txalo beroekin erantzun zieten zaleek.
Erkiaga eta Ibarluzea jaun eta jabe izan ziren. Eta horren erakusgarri dira datuak: Ibarluzeak huts bat eta atzean lau egindako, eta Erkiagak bi huts eta hamazazpi egindako. Hasieratik aurretik ibili ziren, eta, Arbe eta Manzisidor ez ziren ondo hasi; mutrikuarrak hutsak egin zituen, eta markina-xemeindarrak ez zuen aurrean nahi beste asmatu. Esaterako, Arbek txokoan asmatu zuen 6-2koan, baina ia piloteo gabe 12 eta 3ko markagailura heldu ziren. Txapa gainean moztuta eta horma-bikoz egin zituen tantuak Ispasterko maisuak.
Lehenengo jokoaren azkenengo zatian, tanto borrokatuago batzuk izan ziren, ondo piloteatutakoak eta ederrak. 12-4koa sake errestoan egin zuen markina-xemeinar aurrelariak, 11-5ekoa saihetsez barruan ondo utzita eta 13-6koa horma-bikoz. Hala ere, aginte makilari ondo eutsita eta bere dotorezia agerian utzita, Erkiagak errebotez ezker hormara ondo baztertu zuen 14-6koa eta bederatzi tantoko aldeagaz amaitu du lehen jokoa.
Bigarren jokoa nahi baino arinago amaitu zen Arbe-Manzi bikotearentzat zein zaleentzat. Arberen sakera sartu zen Erkiaga eta ukitu zuen lehenengo pilota hori hormabikoz amaitu zuen ispastertarrak (1-0); pilota bizitu ahala, errebotean ere min egin zuen. Bikote laranjak tanto batera hurreratzea lortu zuten (4-3), baina aurkariek erraz, eroso egin zuten hamabosgarrenerako bidea. Manzik ez zuen hutsik egin bigarren jokoan.
Cosme Olharanen ordez. Datorren astelehenean (5. jardunaldian) Pro Am txapelketako finalista izan den Cosme Agirre zumairrak ordezkatuko du Jean Olharan bearnotarra. Olharan goi mailako kirolarientzako Capbretongo CERS kirol-zentroan dago, errekuperazio lanetan, eta hilaren 28ra arte.
Agirrek eta Julen del Riok Goikoetxearen eta Lekerikaren kontra jokatuko dute txapelketako euren lehenengo partidua.