Mutrikuko dikearen obrak bertan behera gelditu direla esan dute Danborzaleek
Dikearen obrak aurrera eramateko esleipena zuen enpresak obrak bertan behera utzi dituela esan dute plataformatik. "Ez dugu informazioa iturri ofizialetatik jaso".
Geldiezina zena, gelditu da lelopean Mutrikuko portuko dikearen luzatze obrak bertan behera gelditu direla baieztatu dute Danborzaleak plataformatik. “Jakin berri dugu obrak burutzen ari den enpresa dena bertan behera utzi eta badoala”.
Plataformatik jakinarazi dutenez ez dute iturri ofizialetatik jaso geldialdiaren berri. “Gauzak ateratzen ari dira diketik eta bertako langile batek eman du albistearen berri, lanak bertan behera utzi, gauzak atera eta obra dagoen bezala uzteko agindua dutela”.
Zortzi hilabete pasatu dira obrak arazo teknikoengatik gelditu zirenetik eta ez dute geldialdiaren zergatiari buruzko informaziorik jaso denbora horretan. “Zortzi hilabete pasatu dira FCC, Eusko Jaurlaritzak dikea luzatzeko esleitutako enpresak, dikeko obrak gelditu zituenetik. Hasiera batean bi hilabeteko etenaldia izango zela esan zuten. Irailera arte luzatuko zela jakinarazi zuten ondoren”.
Danborzaleek gorabehera horiek salatu dituzte, baita erakundeen aldetik jaso duten isiltasuna ere. “Urtea beteko da abenduan dikea ez luzatzeko herriaren borondatea galdeketa bidez azaleratu genuenetik, eta hamabost urte luze erakundeen aldetik azalpen txikirik ere jaso gabe. Nahikoa da Mutrikuko herritarroi barre eta burla egitea. Errematatu dikea dagoen lekuan eta alde hemendik”.