‘Adio’ single berria aurkeztuko du Kadira taldeak Uhagonen
Okerra Crew taldeak musikaz beteko du zapatuan [azaroak 25] kulturgunea. Mice eta Kadira taldeak igoko dira oholtzara 21:30eatik aurrera. Sarrerak 8 eurotan daude salgai Uhagonen, Buztarrin, Sakrisen eta Ulemotxen.
Kadira taldekoentzako kontzertu berezia izango da. Adio single berriaren aurkezpena egingo dute. Horrez gain, Euriari kantak ere bertsio berri bat du. Aurrekoa akustikoa zen eta orain kolaborazioekin eta guzti itzuliko dira. Sarai Robles bertsolariak kolaboratu du abestian. Kontzertu berezia izango da taldekideentzako etxetik gertu joko dutelako: “Urduritasuna nabaritzen dugu. Gauza asko batera izango dira, eta ea nola doan”.
Laster disko berria kaleratuko dute eta abesti berrietako batzuk joko dituzte kulturgunean. “Diskoaren oinarrian rocka eta popa daude. Egia da pintzelada ezberdinak dituen disko bat dela, erritmo afroamerikarrak daude abesti batzuetan, esaterako. Hala ere, oinarri rockero eta poperoa dagoela nabaritzen da”.