Eskualdeko hiru bertsolari, Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren azkenengo finalaurrekoan
Egungo txapelduna den Nerea Ibarzabal Salegi markina-xemeindarrak, Josune Aramendi Perez markina-xemeindarrak eta Aissa Intxausti Aburruza lekeitiarrak Lemoako finalaurrekoa jokatuko dute zapatu honetan (sarrerak agortuta daude). Bertan erabakita geratuko da zortzi finalisten zerrenda.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren zortzi finalistetatik bi erabakita daude, baina, zapatuan argituko da zeintzuk diren gainontzeko sei bertsolariak. Azaroaren 11an jokatu zuten lehenengo finalaurrekoanĀ Xabat Galletebeitia Abaroa lekeitiarrak lortu zuen Miribillarako txartela, eta hilaren 18an, berriz, Jone Uria Albizurik. Biek ala biek ondo dakite zer den final handian egotea.
Zapatu honetan [azaroak 25] Lemoako udal kiroldegian jokatuko dute azkenengo finalaurrekoa; sarrerak agortuta daude dagoeneko: zuzenean ere emango duteĀ bertsoa.eus atarian. Eskualdeko hiru bertsolari izango dira bertan: Egungo txapelduna den Nerea Ibarzabal Salegi markina-xemeindarra, Josune Aramendi Perez markina-xemeindarra eta Aissa Intxausti Aburruza lekeitiarra. Onintza Enbeita Maguregi muxikarrak, Ibai Amillategi Omaetxebarria gernika-lumotarrak eta Oihana Bartra Arenas bilbotarrak osatuko dute finalaurrekoaren seikotea.
Esan bezala, saioa amaituta osatuko da abenduaren 16ko finalaren zerrenda. Hiru finalaurrekoetako irabazleak zuzenean sailkatuko dira, eta puntuazioaren arabera sailkatuko dira sailkapenaren lehenengo sei bertsolariak.
Aurreko asteburuan 631 puntugaz irabazi zuen Uriak Santurtziko kanporaketa, eta Txaber Altube Sarrionandia geratu zen bigarren, 576 puntugaz. Jarraian sailkatu ziren, hurrenez hurren, Aitor Bizkarra Ruiz (574,5 puntu), Unai Mendiburu Valor (565 puntu), Mikel Goiriena Larrazabal (557 puntu) eta Bittor Altube Sarrionandia (498,5 puntu).
Sailkapena. Uria eta Galletebeitiaren puntuazioetatik aparte, 2021ean finalista izan ziren Gorka Pagonabarraga Agorria eta Aitor Etxebarriazarraga Gabiola daude gaur gaurkoz sailkapenaren goialdean, 604, puntugaz eta 585.50 puntugaz, hurrenez hurren. Atzetik daude Txaber Altube 576 puntugaz, Bizkarra 574,50 puntugaz, Mendiburu 565 puntugaz, Goiriena 557 puntugaz, Eneko Abasolo Txabarri Abarkas 550.50 puntugaz, Koldo Gezuraga Seijido 549.50 puntugaz eta Iruri Altzerreka Martinez 548.50 puntugaz.
Finalerako sarrerakĀ www.bertsosarrerak.eus atarian erosi daitezke.