Inhar Urruzuno: "Inork ez zuen espero plazetara bueltatuko nintzenik"
Ibilbidean pilatutako hamaika dominek baieztatzen dute Gorozikako harrijasotzailearen maila. Gorabeherak tartean, geldialdi luzeari amaiera eman dio eta plazetara bueltatu da: «Hemen nago»
Bi urte eta zortzi hilabetez plazetatik kanpo eduki zaitu lesio batek. Zer gertatu zen?
Belauneko lesioa izan nuen. Zehazki ilusioa handiagaz nengoen momentuan izan zen, Aitzol Atutxagaz batera pentatloia prestatzen nengoen, biok batera bikotekoa lehiatzeko, harreman oso ona baitugu. Baina, kasualitatez, lesioa etorri zen, belauneko kartilagoa apurtuta-higatuta nuela esan zidaten, eta hortik abiatuta, gainontzeko guztia etorri zen. Pila bat proba egin zizkidaten eta bi mediku pasatu ondoren, azkenean, ebakuntza gelatik pasatu nintzen.
Zelan bizi izan duzu denbora luze hori geldirik egotea?
Oso luzea egin zait prozesua. Ohituta nago lesioak edukitzera, 2017an beste ebakuntza bat eduki bainuen belaunean, hain zuzen ere, 2016an txapeldun geratu ostean. Hortaz, aritua naizela esan dezaket, eta horrek esperientzia eman dit. Bizitako beldurra handia izan da, baina gutxika-gutxika gorantz egin dut. Nahiz eta gorabeherak izan, gauzak ondo egin ditut, inork ez zuen esango ni plazetara bueltatuko nintzenik, eta hemen nago.
Belaunak baiezkoa eman dizun momentuan bueltatu zara.
Medikuak probak egin arte zain egoteko esan zidan, gauzak ondo zeudela ziurtatu behar genuen. Proba horiek baiezkoa eman zidaten, hortaz, hurrengo pausoa belaunak berak zer esaten zuen ikustea zen. Hori izan zen medikuak esan zidana, harriak esango zidala baietz edo ezetz. Eta proba egin ostean, irailean entrenamenduekin hasi nintzen, harria eskuartean hartuz, eta erantzuna ona izan zen.
“Une gazi-gozoak bizi izan ditut kirolean, eta honi ere aurre egingo diot”
Bizkaiko Txapelketako kanporaketa zen lehenengo jomuga.
Kanporaketa jokatzea eta finalera sailkatzen zen jarri nuen helburua.
Zelakoa izan zen plazara bueltatzea?
Oso arraro sentitu nintzen. Urte luzez plazetan aritu izan naiz, eta txapelketa asko eta asko jokatu ostean, arraro sentitu nintzen, deseroso. Berriro zerotik hasiko banintz bezala sentitu nintzen, sentipen arraroa.
Bueltatu zara, eta ez edozein modutan: finalerako txartela eskuratuta.
Kanporaketan finalerako txartela lortzea espero nuen, baina ez nuen espero joan nintzen moduan ailegatzea. Gaixorik joan nintzen, zapatuan lehiatu behar nuen kanporaketa, eta barikuan jada gaixorik nengoen. Baina ez nuen beste aukerarik, txapelketa jokatu nahi banuen kanporaketara joan beharra nuen. Hortaz, bai ala bai joan behar nintzen. Ahal nuen guztia egin nuen plazan eta, azkenean, maila eman eta lehenengo sailkatua izatea lortu nuen.
Buelta gazi-gozoa izan da.
Ez da inondik ere esperotako buelta izan, ez. Esperientziak eskaini zidan neure buruarekiko konfiantza, eta indarrak atera nituen. Baina nahi baino gutxiago egin nuen, plazaratu baino lehenago nire egoera zein zen ikusita. Baina nire helburua sailkatzea zen, lehenengo hiruren artean sartzea, eta itxura ona eman nuen, lehenengo sailkatu nintzen, baina hurrengo egunean ospitaleratzea etorri zen.
“Bizitako beldurra handia izan da baina gutxika-gutxika gorantz egin dut”
Buelta kolokan dago, hortaz.
Hiru aste gaixorik egon naiz, zortzi kilo galdu ditut eta, zelan ez, gorputza ahul daukat. Hortaz, gaur-gaurkoz, oso zaila ikusten dut txapelketarako prest egotea. Une honetan, dena kolokan dago. Nire maila ematera bueltatu nahi dut plazara, eta argi daukat: nire burua maila hori emateko gai ikusten ez badut, ez naiz joango. Ez dut ezinezkoa ikusten, baina bai oso gaitza. Irailean hasi nintzen berriz harria hartzen ia hiru urte geldirik egon ondoren, eta hilabete eta erdi aritu ostean horrelako geldialdia izatea golpe handia izan da.
Bidean izandako oztopoak gaindituz, indartsuago bueltatuko zara.
Une gazi-gozoak bizi izan ditut kirolean, eta honi ere aurre egingo diot. Nire kezkarik handiena belauna zen, eta ondo dago. Orain ez bada, datorren urtean bueltatuko naiz. Lehengo maila hartzera bueltatuko naiz.