"Azaroaren 30a ez da bidearen amaiera, geralekuetako bat baino"
Azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorra hurreratzen ari den honetan, kide biek bai Lea-Artibai mailan, bai nazio mailan orain arte egindako lanketa azaldu dute, eta etortzeko dagoen dena argitu.
Belaunaldi bi. Herritar profil bi. Biak ala biak emakumeak. Biak ala biak feministak. Biak ala biak herrigintzari, injustizia sozialen aurkako borrokari eta, batez ere, zaintzaren auziari atxikiak. Garazi Mandaluniz Iriondo (2005, Markina-Xemein) eta Jone Antsotegi Ikazuriaga (1992, Aulesti) Lea-Artibaiko mugimendu feministako kideak dira. Bete-betean sartuta daude azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorreko prestakuntza prozesuan. Egun seinalatua hurreratzen doan heinean, grebaren nondik norakoen berri eman dute.
Hilaren 30a geroz eta hurrerago dago eta, aurreratzea erraza ez den arren, grebari buruzko iragarpen bat egin zenezakete?
Jone Antsotegi Ikazuriaga: Zuk esan duzun modura, aurreikuspenak egitea beti izan ohi da oso gaitza. Edozelan ere, denetariko kolektiboen, eragileen eta taldeen atxikimendua lortu nahian ari gara beharrean, batez ere, maila nazionalean. Herriz herriko atxikitze lanketa beranduago etorriko da. Gaur arteko elkartasun prozesu edo lanketari, hain zuzen ere, egundoko garrantzia ematen diogu, greba orokor honek orain artekoek jorratu ez duten langaia baitu ardatz: zaintza.
Garazi Mandaluniz Iriondo: Atxikimendua bermatzeko egindako lana modu oso positiboan baloratzen dugu, eduki duen aberastasunagatik eta eragileen arteko aniztasunagatik: kolore sozial denetako profilak batuko dira grebara. Gaur-gaurkoz esku artean ditugun datuen arabera, azaroaren 30ean herritarren presentzia dezente zabala egongo dela aurreikusi dezakegu.
Markina-Xemeinen egingo dute eskualdeko manifestazio nagusia: 18:00etan izango da, udaletxe aurrean hasi eta amaituta
Manifestazioa zein ordutan eta non hasiko da?
G.M.I.: Markina-Xemeinek hartuko du Lea-Artibaiko manifestazio nagusia. 18:00etan hasiko da, eta udaletxearen aurrealdea izango du hasiera eta helmuga.
Greba egunaz harago, aurretiaz egindako bideak berak ere badu militantziaren eta lanaren aitorpenetik, ezta?
J.A.I.: Noski. Mugimendu Feministak hainbat urte daramatza ekinean, zailtasun guztien gainetik saretzea sustatuz. A30eko lanketak ikusarazi egin du Mugimendu Feministak, kontraesanei aurre eginda, aliantzak egiteko daukan gaitasuna.
Kontraesanei aurre egiten lan egiteaz mintzo zara; zein kontraesan, esate baterako?
J.A.I.: Emakume arrazializatuen kasuari buruz, adibidez. Jakin badakigu emakume denek ezin izango dutela greba aldarrikapenerako tresna legez baliatu. Bestela esanda: gizanabako batzuek grebarako eskubide hori urratuta dute. Gainera, greba deialdia egin zenean, argi eta garbi geratu zen greba eskubidea ez zela guztientzako aplikagarria izango, hau da, sektore jakin batzuentzako pribilegioa izango zela, oinarrizko eskubidea barik.
Azaroaren 3oak egun historikoa izateko osagai guztiak ditu.
G.M.I.: Bai. Horregatik da garrantzitsua ahalik eta herritar gehien biltzea. Orain arte, zaintzari ez zaio eman merezi duen esangura. Esango nuke 2018an eta 2019an egin ziren greba feministetan plazaratu zela landu beharreko gai legez; orduan hasi zen bidea zabaltzen. 2019. urtean, zaintza sisteman aldaketak egitea aldarrikatu zen, eta, 2020an, pandemiak agerikoago egin zuen hori. Zaintzak zituen hutsuneak are begibistakoago bihurtu ziren pandemian, eta Mugimendu Feministak Denon Bizitzak Erdigunera koordinadora eratu zuen. Iaz, nazio mailako bilkura egin zen Gasteizen, zaintzaren inguruko lanketa abian ipintzeko; hura izan zen grebaren hazia.
Mandaluniz: “2018ko eta 2019 greba feministak a30eko eraikuntzaren zimenduak izan ziren”
2018ko eta 2019ko greba feministak, beraz, oinarri sendoa izan ziren A30eko eraikina altxatzeko.
G.M.I.: Eraikuntzaren zimenduak izan ziren, zer edo zelan. Greba Orokor bat hutsetik sortzea gaitza da; zentzu horretan, gidalerro zurrun eta argiak markatu ziren orduan, abiapuntu legez erabiltzeko. Mugimendu Feminista izan zen zaintza erdigunera eroaten ausartu zena, 2019an; ordutik gaur arte, zaintza sistema errotik eraldatzeko beharrizana hauspotu besterik ez da egin.
Eskualde mailan, zein esparrutan nabaritzen dituzue gabeziarik esanguratsuenak?
J.A.I.: Aldarrikapen taulako eskaerak oraindik ez ditugu aplikatu eskualde mailan, hori ere etorriko den arren. Grebaren prozesu orokorrean ipini ditugu indarrak, eskualdeko azterketa edota diagnostikoa egin ordez. Dena dela, azken urteotan, osasungintzan hutsuneak igarri ditugu Lea-Artibain, eta horren erakusle dira egindako aldarrikapen denak. Hirugarren adinekoen egoitzetako beharginen lan baldintzak ere kezkagarriak dira, are gehiago egoitza gehienak pribatizatuta dauden neurrian. Beste horrenbeste etxez etxeko langileekin: alor hori ere publiko egin beharko litzateke.
G.M.I.: Osasungintzaz harago, zaintzak eremu oso zabala hartzen du egunerokotasunean eta ñabardura txiki asko biltzen ditu, eragin handia dutenak.
Gabeziak begibistakoak dira.
J.A.I.: Asko eta garrantzitsuak dira. Lehenengoa Euskal Herriko zaintza sistemaren pribatizazioa litzateke; publikoa den kasuetan ere, sarritan, zaintza lanek azpikontratazioen bitartez funtzionatzen dute, hau da, irabazi asmoagaz. Horren aurrean, sistema publikoa eta komunitarioa aldarrikatzen dugu. Terminologia horren atzean, gauza pila bat daude oraindik denifitzeke eta zehazteke, baina hori lortzea litzateke lehen mugarria. Zaintza, eskubide soziala den heinean, herritar guztientzat oinarrizkoa izan beharko litzateke, unibertsala, eta kalitate berme danekin. Komunitarioak zaintza modu geroz eta indibidualistagoak errotik aldatzea lantzen du. Adibidez, herri txikietako auzolana eta bertakoen elkartasuna jorratu ahalko lirateke eskualdean, galbidean baitaude.
Antsotegi: “Mugimendu Feministakook eta sindikatuek elkarren lanaren aitortza egin dugu, eta argi geratu da elkarren beharra daukagula”
Zein pisu dauka greba sindikatuekin elkarlanean egiteak?
G.M.I.: 2019tik mugimendu feministaren eta sindikatuen arteko hartu-emana estutu egin da. Sindikatuak feminismoan gehiago murgiltzen hasi dira; bestelako borroka moldeak eduki arren, pareko interesak ditugu.
J.A.I.: Sindikatuak praktika feministak beren diskurtsoan txertatzen hasi dira, alegia, zaintza langileen eskubideen alde borrokatzen. Mugimendu Feministak, ostera, sindikatuek hainbeste erabili izan duten tresna, greba, bere egin du. Zentzu horretan, elkarren lanaren aitortza egin dugu, eta argi geratu da elkarren beharra daukagula.
Herri Akordioa izango da grebaren zutabeetako bat. Zertan oinarritzen da?
J.A.I.: Euskal Herriko Mugimendu Feministak, hainbat eragilegaz batera, zaintzaren inguruan adostutako akordioa da. Hiru bloke nagusi ditu bere aldarrikapen taulak. Lehenengoak zaintza zerbitzuen pribatizazioa lantzen du, zaintzaileen prekaritatezko egoerak bistaratuz. Bigarren blokeak zaintza unibertsala izatea bilatzen du: zaintza denon eskubidea bada, denok eduki behar ditugu zaintzeko aukera eta denbora, lanaldien gainetik. Azken blokeak zaintzaren kultura bera lantzen du: zaintzaren alde feminizatua amaitu beharra aldarrikatzen du, zaintzaren ardura emakumeongan bakarrik egon ez dadin.
Herri Akordio horretan zehaztutako gidalerroak herriz herri doitu eta aplikatzea izango da hurrengo erronka, ezta?
J.A.I.: Bai. Azaroaren 30a ez da bidearen amaiera, geralekuetako bat baino; abenduaren 1ean herriz herriko lanari ekitea tokatuko da. Eragileak batu eta aktibatu, herrietako hutsuneak antzeman eta erakundeei aldaketa eskaerak egiteko aldia izango da.
Mandaluniz: “Asanbladetan ikusi dugu jende gazte nahiz nagusia hurreratu dela, baina, beharbada, hutsunea igarri dugu gurasoen atxikidura mailan”
Adin arteko zubiaren adibide zarete. Garrantzitsua al da grebak ahalik eta adin tarte zabalenaren ordezkaritza izatea?
G.M.I.: Guztiz. Asanbladetan ikusi dugu jende gazte nahiz nagusia hurreratu dela, baina, beharbada, hutsunea igarri dugu gurasoen atxikidura mailan. Horrek ere asko dauka zaintzatik.
Gauza bera gertatzen da gizonezkoekin, ezta?
J.A.I.: Gizonezkoen kasuan, argi daukat feminista terminoak nolabaiteko atzerakada sortu diela askori. Greba Orokor deituko balitz, akitximendua handiagoa litzatekeelakoan nago. Grebaren aldarrikapenek guztioi eragiten digute; beraz, guztien esku hartzea eskatuko du. Eskualde mailan egindako bileretan, gizonezko parte hartzaileen kopurua, oro har, txiki samarra izan da. Gainera, gazteak izan dira nagusi. Horrek informazio pila bat ematen du. Kezkaz bizi dugu adineko gizonezkoen esku hartzea hain murritza izatea. Edozelan ere, Mugimendu Feminista bide oso onetik doala esango nuke: asko egin da, eta asko dago egiteko. Apurka-apurka, gizonezkoen kopuruak gora egingo duela uste dut, baina horretarako guztiz derrigorrezkoa da pedagogia feminista aplikatzea.
Zein egiteko eduki beharko lukete gizonezkoek A30ean?
J.A.I.: Grebaren parte hartzaile aktibo izan beharko dira, baina protagonismoa bilatu barik. Greba egunean emakumeak kalean egotea lehentasuna izanik, eurak kalean egon ahal izan daitezen zaintza beharrak egitea tokatzen baldin bazaie, horiek egiteko eskatzen diegu.
Antsotegi: “Niretzat, pozgarriena da bai eskualdean, bai nazio mailan adin guztietako emakumeak bildu garela”
Zelan bizi izan duzue hilabeteotako lanketa hori, pertsonalki?
G.M.I.: Ni, gazteena izanda, ez nintzen egoeraren benetako dimentsioaren jakitun. Zentzu horretan, begiak irekiarazi dizkit.
J.A.I.: Niretzat, pozgarriena da bai eskualdean, bai nazio mailan adin guztietako emakumeak bildu garela. Garazi moduko partaide gazteak borrokara elkartzea, horrez gain, ilusio iturri legez hartu dut.
Etxez Etxeko Langileen Kolektiboak azaroaren 30eko besoko laranjak janztera deitu ditu Greba Feminista Orokorrean aktiboki parte hartu ezin izango duten langileak. Besokook greba batzordeetan banatzea aurreikusi duten arren, ahalik eta ikusgarritasunik handiena eduki dezaten, lortu ezinez gero, bakoitzak berea eroateko eskatu dute deitzaileek.