Kaleak hartu ditu bizitza libreen aldeko oihuak
Euskal Herriko Mugimendu Feministaren deialdiagaz bat egin dute herritarrek Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean. Berriatuan eta Gizaburuagan ospakizunak eta aldarrikapena uztartu dituzte.
Indarkeria matxista errotik desagertzeko eskaerez bete da beste Azaroak 25 bat. Urteroko oihua atera dute herritarrek kalera, Euskal Herriko Mugimendu Feministaren eta herriz herriko talde feministen deialdiekin bat eginda. Urte luzeetako aldarria atera dute kalera, emakumeek sufritzen duten indarkeria amaitzen ez delako. Amaitu beharra dagoelako.
Ospakizun eguna izan dute gaur [azaroak 25], Berriatuan eta Gizaburuagan. Erroak Loran eta Santa Katalina Eguneko ospakizunak baliatu dituzte indarkeria matxistagaz amaitzeko eskatzeko. Euskal Herriko Mugimendu Feministaren mezua zabaldu dute Berriatuko plazatik, zapi moreak lepoan, eta talde argazki erraldoia atera dute, indarrak batuta.
Azaroak 25, Planto irakurri daitekeen pankarta egin dute Gizaburuagako ume, gaztetxo, gazte eta helduek. Esku morez bete dute pankarta, nahikoa dela adierazteko, gelditzeko esateko, eta, 13:30ean, elkar errespetatzeko eta tratu onak bultzatzeko deia egin dute herriko hiru neska gaztek udaletxeko baloitik: “Gaur azaroaren 25a da, mundu guztiko neskatila, neska eta emakumeek oraindik ere jasaten duten sexismoaren, desberdintasunaren eta indarkeriaren aurka borroka egitearen garrantzia azpimarratzeko eguna. Gure nahia da pertsona guztiekiko tratu onak bermatuko dituen gizarte baten bizitzea. Pertsonen arteko harremanak errespetuan, autonomian eta berdintasunean oinarrituko dituen gizarte batean bizitzea, non pertsona guztiek askatasuna izango duten nahi duten bezalakoak izateko eta potentzialtasun osoz garatzeko”.
Aulestin, Ziortza-Bolibarren, Mendexan, Mutrikun eta Ondarroan elkarretaratzeetan batu dira, eta Lekeition, Mutrikun eta Markina-Xemeinen manifestazioak egin dituzte. Morelarre talde feministaren deialdiagaz bat egin dute markina-xemeindarrek. Arkupean hasi eta amaitu dute ibilbidea. Autodefentsa feminista defendatu eta indarkeriaren aurrean nazka eta haserrea erakutsi dute: “Gogaituta gaude esateaz gogaituta gaudela, erailketak zenbatu eta salatu behar izan ditugun beste urte bat izan delako nazkatuta”. Mugimendu feministaren urteetako aldarrikapenari helduta, indarkeria matxistagaz amaitzeko politika integralak behar direla gogoratu dute: “Aldaketak bizitzako esparru guztietan exijitu behar ditugu. Sistema hau irauli arte ez dugu amore emango”. Horretarako, aliantzak sortzen, mantentzen eta indartzen jarraituko dutela adierazi dute.
Greba Feminista Orokorra. Aldaketen testuinguruan, Azaroaren 30ean egitekoa den Greba Feminista Orokorrean parte hartzeko deia egin die Morelarrek herritar guztiei. 12:30ean Arkupeetatik hasita egingo da mobilizazioa eta, 18:00etan, berriz, eskualdeko manifestazioa egingo da, udaletxe paretik aterata. “Gora borroka feminista. Azaroaren 30ean, denok grebara!”. Txalo artean amaitu da Azaroak 25eko manifestazioa.