Urtarrilaren 3an jokatuko da Ondarrutar Naturala
Parte hartzeko izena eman behar da eta abenduaren 23a izango da horretarako azkenengo eguna; Euskara sailean, Turismo Bulegoan eta herriko ikastetxeetan egin daiteke.
Herritarren artean hitzordu ukaezina bilakatu da Ondarrutar Naturalean jokatzeko eguna eta 2024ko urtarrilaren 3an zehaztu dute hitzordua. Ugaitz Alegria aurkezle ondarrutarrak gidatuko du 18:30ean abiatuko den saioa, ohi legez, Beikozinan.
Bikoteka jolasten da eta 12 bikotek parte hartu ahalko dute. Bikote gehiagok izena emanez gero, zozketa bidez erabakiko dira parte hartzaileak, ekitaldia luzeegia ez izateko. “Tribial itxurako bikotekako jolasa da eta Ondarroako kontu desberdinen inguruko galderez osatuta dago: galdera-erantzunak, mimika, ikusleen parte hartzea, herriko gai desberdinak (historia, kultura, euskara, kaleak, pasarteak…)… arratsaldea herriko gorabeheren inguruan ondo pasatzeko saio aproposa izaten da”, adierazi du Nerea Lorenzo Gonzalez euskara zinegotziak.
Izena eman. Lehen fasean launa bikoteko hiru txanda egongo dira, eta guztien arteko hiru onenak sailkatuko dira finalera. Adin txikikoek parte hartu ahalko dute, Lehen Hezkuntzako 4. mailatik aurrera baina heldu batekin osatuko dute bikotea (15 urtetik gorakoekin). “DBH4ko gazteak jada heldutzat hartuko dira, beraz, posible izango da DBH4ko bi ikaslek osatutako bikotea egitea; bi helduk ere osatu dezakete bikotea”.
Izena ematea abenduaren 23a baino lehenago egin behar da eta hiru bide jarri dituzte horretarako: Udaletxeko euskara sailean ( bertara joanda, mrey@ondarroa.eus posta elektronikora idatzita edo 946 83 36 68 deituta), Turismo Bulegoan edo herriko ikastetxeetan.