Zabalik dago Mutrikuko basoak zaintzeko diru laguntza deialdia
Abenduaren 14an amaituko da eskaerak egiteko epea. Mutrikuko Udalaren webgunean zehaztu dute aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Mutrikuko basoetako landaketak eta mantenu lanak diruz laguntzeko asmoz deialdia zabaldu du Mutrikuko Udalak; urtero Gipuzkoako Foru Aldundiak basoak zaindu, hobetu eta ugaritzeko helburuarekin egiten duen diru laguntza deialdiaren osagarria da.
Mutrikun kokatutako baso eta baso azaleretarako emango dira laguntzak, hortaz, bi profilei bideratuta daude. Batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiko 2022 deialdiko diru laguntzaren onuradunak izan direnak, eta bestetik, landaketarik egin gabeko lursailetan hazitako espezie autoktonoen mantenua egiten dutenak.
Ustialeku bakoitzeko eskaera bakarra onartuko da eta eskatzaileek Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntzaren deialdian onuradun izan direla justifikatu eta deialdian zehaztutako dokumentazioa aurkeztu beharko dute. Horrez gain, Mutrikuko Udalarekiko zorrik ez izatea ere baldintza izango da.
Diru laguntza eskaera udaletxean eta web orrialdean eskuragarri dagoen agiriaren bidez egin beharko da, eta abenduaren 14a izango da eskariak eta tramitazioa egiteko azkenengo eguna. Eskaerarekin batera aurkeztu behar diren agiriak ere webgunean zehaztu dituzte.