Bertoko ekoizle eta artisauen plaza izango da Aulesti
II. Gabon Azoka ospatuko dute zapatuan [abenduak 2] 10:00etatik 14:30era bitartean.
Gabon giroan barneratzen hasteko datak hurbiltzen ari diren heinean, ingurukoekin egon eta erosketak egiteko uneak ailegatzen dira. Aulestiko Udalak bertokoa kontsumitzea helburu izan eta eskualdeko ekoizle zein artisauei plaza bat eskainiz, herritarrei kalitatezko produktuak eskura jarriko dizkio zapatuan [abenduak 2], Aulestiko II. Gabon Azokan.
Frontoia bilakatuko da erdigune eta 10:00etatik 14:30etara bitartean, hamabost postu egongo dira, ekoizle zein artisauenak. Udaleko kultur batzordeak antolatzen duen ekimenak bi irizpide jarraitu ditu: “Batetik hurbilekoaren bila joan gara, eskualdean ditugun artisau eta ekoizleen aldeko apustu argia eginez. Bestetik, eskaintza zein zen ikusita ahalik eta aukera oparoena eskaintzea helburu, produktu zehatzen bila joan gara, azoka askotarikoa izateko asmoz”.
Bakikureta, Ateun, Labegur, Larruz, Zeanuriko eztia, Gereziarte, IB Soap, Guais jostailuak, Lauky, Maluke, Matxetanekua, Sigi-Saga, Tinko, Tribat eta Marimatraka 9 izango dira eskaintza osatuko duten ekoizle eta artisauak.
Horrez gain, jan edana eta giroa ez da faltako. Aulestiko eskolako ikasbidairako diru bilketa egiteko asmoz, salda eta tortilla pintxoak eskainiko dituzte ikasle eta gurasoek. Gaztetxeak, berriz, taberna ipiniko du, eta Euskara Taldeak buru belarri dabilen Gaitu proiektuari bultzada emateko aprobetxatuko du. “Jan edana egongo da, esertzeko lekua ere baiā¦ Gabon opariak erosiaz, erdu goiz ederra pasatzera”.