I. Berritxuko Krosa egingo da abenduaren 3an
Izen ematea doan da eta egunean bertan egin beharko da, 09:30ean. Amaieran parte hartzaile guztientzako sariak eta montxorra egongo dira.
Berriatuko Udalak antolatuta eta Urepel kirol taldeak lagunduta domekan [abenduak 3] egingo dute I. Berritxuko Krosa. Aurtengoan ibilbide berri bat prestatu dute antolatzailek: “Errege Bideko Kroseko ibilbidea oso polita zen arren, herrian egiteko aukera eduki dugu aurten. Duela 40 urte inguru bertatik egiten zen ibilbidea, eta aurten berreskuratu egin nahi izan dugu”. Parte hartu nahi dutenek 09:30ean eman beharko dute izena, doan.
Bi ibilbide egongo dira aukeran: 5 kilometrokoa edo 10 kilometrokoa. Biek ibilbide berdina egingo duten arren, ibilbide luzea aukeratzen dutenek bi buelta eman beharko dituzte. 10:30ean herriko plazan hasi eta Lantegi Batuak atzean utzita, Andonegiko Zubirantz joango dira denak. 3. kilometroa Mugartegi baserriaren parean beteko dute, eta hortik Cikautxoko zubia pasa ostean, herriko plazan amaituko da lasterketa.
Lasterketa amaitu ostean dutxak eta montxorra egongo dira parte hartzaile guztientzako, eta baita sariak ere, Hemen Bertokoa eta Spiuken eskutik.