107 korrikalari elkartu dira I. Berritxuko Krosean
Urepel Kirol Taldeko eta udaleko kideek lehen ekitaldiaren "balorazio positiboa" egin dute.
Domekan [abenduak 3] I. Berritxuko Krosa egin zuten Berriatuan. Lagunarteko proba izan zen, Errege Bideko Krosaren oinordetza, eta egundoko parte hartzea eduki zuen. Lehiakorra edota federatiboa izan ez arren, 107 lagun elkartu ziren, kirolaz eta inguruneaz gozatzeko. Urepel Kirol Taldeko eta udaleko antolatzaileek ez zuten aurreikusten “hainbesterainoko partaidetzarik”, baina eguneko kudeaketa guztia “ederto” atera zitzaiela argitu dute.
Korrikalariek bost kilometroko ibilbidean itzuli bat edo bi egiteko aukera eduki zuten
Duela 40 urte inguru herrigunean bertan krosa egiten zen arren, “informazio gutxi” dago proba hari buruz eta, gainera, Errege Bideko Krosak 19 urtez testigua hartu zuen ostean; lasterketa horrek Saturraranen zuen hasiera, eta Berriatuan helmuga. Berritxuko Krosaren lehen ekitaldia, baina, herri barruan egin dute bere osotasunean. Bost kilometroko ibilbidean itzuli bat edo bi emateko aukera eduki zuten lasterkariek.
Amaieran, tokiko produktuz osatutako hamar otzara zozkatu zituzten parte hartutako guztien artean. Antolakuntza lantaldetik adierazi dutenaren arabera, lehen ekitaldiaren balorazioa “oso positiboa” da: “Berriatuko, Lea-Artibaiko nahiz urrunagoko tokietako korrikalariak etorri ziren, eta asko gozatu zuten ibilbideaz, lokatz ugari egon arren”. Herritarrak ere ez ziren atzean geratu: 30 lagun inguruz osatutako taldea arduratu zen eguneko kudeaketaz, eta guztia “bikain” atera zitzaien.
Irakurketa baikor horregaz, hurrengo urtean kros herrikoiaren bigarren ekitaldia egiteko asmoz agertu dira berriatuarrak.