Gaztea, anitza eta fantasiatsua
Lea-Artibaiko artistek hainbat arloko nobedadeak aurkeztuko dituzte urteko plaza berezienetakoan: abenduaren 6tik 10era artean egingo duten 58. Durangoko Azokan.
Euskal kulturgintzaren erakusleihorik esanguratsuenetakoa ate joka dago. Izan ere, abenduaren hasierak esangura berezia du Euskal Herriko sortzaileentzat nahiz kulturzaleentzat: Durangoko Azoka egiten duten urte sasoia da. Beste urte batez, argia ikusi berri duten edo ikustekotan dauden ekoizpenak modu ofizialean aurkeztuko dituzte Durangoko agertokian.
Azokaguneak 257 erakusmahai edukiko ditu, eta 950 berritasun plazaratuko dituzte
Landako Gunea izango da 58. Durangoko Azokaren epizentro nagusia. Bertan bilduko da liburu, disko eta bestelakoen azoka. Aurten, 257 erakusmahai egongo dira azokagunean, eta 170 partaidek parte hartuko dute. Berritasunak jaun ta jabe izango dira beste behin. Musikaren zein literaturaren alorretako 950 nobedade plazaratuko dituzte Landako Guneko “espazio bizi eta mamitsuan”.
Beñat Gaztelurrutia: “Azoka euskal kulturaren aldeko elkarlanaren fruitua da”
58. ekitaldia “fantasia hutsa” izango dela iragarri dute Gerediaga Elkarteko antolatzaileek. Beñat Gaztelurrutia koordinatzailearen berbetan, azoka “euskal kulturaren aldeko elkarlanaren fruitua” da: “Euskalgintzak azkenaldion ohartarazi legez, bai euskarak, bai euskal kulturak gizartearen babesa behar dute, denok bultzada emateko norabidean lan egiteko, gure fantasia gau bateko amets zaputza izan ez dadin”.
Azokaren aurtengo proposamen fantasiatsuaren barruan, ikusmolde “gaurkotua eta bogan dauden proiektuak biltzen dituena” nabarmentzen dira, ezaugarri nagusi bigaz: “Batetik, azoka anitza izango da; bestetik, gaztea. Oinarri bi horiei fantasia gehitu behar zaie, sormenaren eztanda magikoa delako, amets egiteko espazio bizi-bizia baita”.
90 nobedadeetatik 689 liburuak izango dira; 179, diskoak; 44, aldizkariak; horiekin batera, bestelako 40 ekoizpen
Aurtengo uzta kulturalari dagokionez, aurkeztuko dituzten 950 berritasunetatik 689 liburuak izango dira; 179, diskoak; 44, aldizkariak; horiekin batera, bestelako beste 40 ekoizpen egongo dira. Iazko eskaintzagaz alderatuta, musika ekoizpenak gorakada edukiko du aurten. Hain zuzen ere, 2022an baino 38 ale gehiago plazaratuko dituzte. Era berean, hala komikiak, nola ilustrazioak hazkundea edukiko dute; zentzu horretan, marrazkilariei estreinakoz beren lana zuzenean bistaratzeko aukera emango diete, pantailen bidez.
Gazteak, lehen lerrora.
Azokaren aurtengo ekitaldiaren ardatzetako bat gaztetasuna denez, inoiz baino jarduera gehiago egongo dira gazteek sortuak edota gazteentzako sortuak izango direnak. Horregaz batera, gazteei begira prestatu dute abenduaren 8ko egitaraua: Gazte Eztandaren bigarren ekitaldia egingo dute azokako hirugarren egun horretan.
Azokaz gain, 265 ekimen barnebiltzen dituen kultur egitaraua ere egongo da
Azokaguneaz harago, 265 ekimen bilduko dituen kultur egitaraua ere prestatu dute. Udalerriko zortzi gunetan banatuko dute azokako egitarau eskaintza: Talaia, Durangoko Museoa, Zugaza zinemako Irudienea, Kabia, Platerueneko Ahotsenea, Musika Eskolako Ahotsenea Literatura, umeei zuzenduriko Saguganbara eta San Agustin Kulturguneko Szenatokia.
Lea-Artibaiko ekoizpena.
Lea-Artibaiko sortzaileen ordezkaritza, beste urte batez, Durangon egongo da, bere sorkuntza ekoizpenak jendaurrean aurkezten. Denetariko formatuak plazaratuko dituzte, besteren artean, musika, ikus-entzunezkoak, literatura eta antzerkia. Miren Agur Meabe idazle lekeitiarrak Itzulerak elaberria aurkeztuko du abenduaren 8an, 16:30ean, Musika Eskolan. Egun bat lehenago Lorea Zulaika bolibartarra partaide duen Kadira taldeak izen bereko lehen lana taularatuko du, 14:30ean.
Antzerkia ere eskualdeetako egileen indarguneetako bat izango da Durangon. Ander Lipus markina-xemeindarrak aurkezpen bikoitza edukiko du abenduaren 10ean: Antzerkiaren Labirintoan ekoizpenaren atal biak –Bitakora Koadernoa eta Artedrama baten bila– erakutsiko ditu Musika Eskolan, 13:00etan hasita.
Era berean, Durangoko Azoka zarratu eta biharamunean, Zu Non Han DA! ekimena hasiko dute: azokako berritasunak Euskal Herriko 88 dendatara iritsiko dira; horietako 27tan, gainera, aurkezpenak egingo dituzte.
ESKUALDEKO SORTZAILEAK DURANGOKO AZOKAN
Abenduak 7, eguena.
14:30-15:00. Kadira taldearen Kadira disko aurkezpena, Ahotsenean.
Abenduak 9, zapatua.
16:30-17:00. Miren Agur Meaberen Itzulerak liburuaren aurkezpena, Ahotsenean.
Abenduak 10, domeka.
13:00-13:30. Ander Lipusen Antzerkiaren Labirintoan I: Bitakora koadernoa antzezlanaren aurkezpena, Ahotsenean.
Jarraian. Ander Lipusen Antzerkiaren Labirintoan II: Artedrama baten bila antzezlanaren aurkezpena, Ahotsenean.
21:30-22:00. Jabi Patxon eta Kofradia Rock Iraganaren deiak EPa, Ahotsenean.