Asteon zabalduko dute Egia-Iriondo Memorialeko izen ematea
Abenduaren 16an egingo dute Berriatua eta Ondarroa lotzen dituen herri lasterketa. Izen ematea hilaren 9, 10, 12, 13 eta 14an egin ahalko da, Ondarroako Turismo Bulegoan.
Lea-Artibaiko nahiz inguruko korrikalariak abenduaren 16ari begira daude. Egun horretan egingo dute, hain zuzen ere, Egia-Iriondo herri lasterketa. Ia lau hamarkada dira Berriatua eta Ondarroa lotzen dituen eta bere sortzaileei, Jose Mari Aranbarri Egia-ri eta Martin Iriondori, omenaldia egiten dien proba egiten dutela. Aurtengoa, beste behin, herritart ugari kirol eta jai giroan elkartuko dituen egitasmoa izatea aurreikusten dute antolatzaileek.Urtero legez, hainbat kategoria egongo dira. Izen emateari dagokionez, doakoa izango da eta Ondarroako Turismo Bulegoan egin beharko da, ondorengo egunetan: abenduaren 9an, 10ean, 12an, 13an edota 14an.
Astilleruko geltokitik Berriaturainoko doako autobus zerbitzua egongo da, 11:20an eta 11:40an
11:30ean hasiko dira korrika estreinako parte hartzaileak. Lau kategoria egongo dira. Lehendabizikoak HH, LH1 eta LH2 mailetakoak izango dira; 300 metroko bidea egin beharko dute, Zeledoniotik hasita. Ondoren, LH3 ETA LH4koen txanda izango da; ibilbide bera egin beharko dute; LH5 eta LH6koek, ostera, Zaldupeko zubian edukiko dute irteera gunea, eta 500 metro egin beharko dituzte. 12:00etan, azkenik, lasterketa nagusiaren txanda izango da, Berriatuan hasita. Antolakuntza lantaldeak doako autobus zerbitzua eskuragarri ipiniko du. Zerbitzu hori, hain zuzen, Astilleruko geltokitik aterako da, 11:20an eta 11:40an.
Sariak.
Lasterketa nagusi amaitu eta jarraian, sari banaketa ekitaldia egingo dute, Kofradia Zaharraren aurrealdean. Ume guztiek saria edukiko dute. Nagusien artean bizkorrenak diren gizonezkoak eta emakumezkoak, berriz, txapel eta garaikur bana jasoko dute sari legez; gainera, podiumeko beste kideek ere trofeoa hartuko dute. Lasterketa nagusiaren kasuan, hiru sailkapen egopngo dira: orokorra, 12 eta 16 urte bitarteko gazteei dagokiena eta masterrena, hau da, 40 urte edo gehiago dituztenena.