Arraun Elkartearen 50 urteko ibilbidea ikusgai egongo da
Ibilbidearen erakusgarri izango diren erakusketa eta dokumentala aurkeztu dituzte. Bihar irekiko dira erakusketako ateak eta abenduaren 13an egingo da dokumentalaren aurkezpena herritarrentzat.
50 urteko ibilbideari behar bezalako omenaldia egin eta arrauna kalera ateraz, herritarrekin batera urteurrena ospatzeko hamaika ekimen antolatu ditu urtean Ondarroako Arraun elkarteak. Arraun Ondarru proiektua sortu eta urte amaierarako proiektuaren alderdi indartsuenak erakusteko ordua ailegatu da: elkartearen dokumentala eta erakusketa.
Lehenengo hitzordua Ogibidetik kirolera, arrauna Ondarroan erakusketa izango da, zehazki, bihar [abenduak 8] ateak irekiko dituena. 50 urteen laburpen gisa antzinako tresnak, arrauneko materiala, argazkiak eta hamaika bizipen biltzen dituzten altxorrak batzen dituen erakusketa prestatu dute. Arraunaren historia errepasatzeko aukera eskainiko duen lana, zehazki, ogibide izatetik kirol bilakatu zenerainoko bidea.
Denbora luze horretan batutakoa erakusteko, lekua ere behar dute, hortaz, herriko hiru puntutan banatu dute erakusketa: Alamedako Udal Erakusketa Aretoan, Bide Onera zinemako sarreran eta Artabide 21eko lokalean. Abenduaren 27ra bitartean egongo da ikusgai erakusketa.
Ordutegiak egunaren arabera aldatuko dira:
- Barikuetan 18:00etatik 20:00etara.
- Zapatuetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.
- Domeketan 12:00etatik 14:00etara.
- Abenduak 26 [martitzena] eta abenduak 27 [eguaztena]: 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.
Erakusketa hainbat lekutan eta egun askotan ikusgai egongo denez, elkartetik boluntarioak behar dituztela adierazi dute, erakusketako egunetan zaintza lanetan egoteko. Parte hartzeko prest daudenentzat telefono zenbaki bat jarri dute eskuragarri: 660 69 30 61.
Bigarren hitzordua dokumentalaren aurkezpena izango da, Asier Rivera eta Jon Iriondo ondarrutarrak daude lanaren atzean eta filma ikusteko bi aukera eskainiko dituzte: abenduaren 12an eta 13an. Ondarroako Udalak antolatu ditu filmaren paseetatik lehenengoa gonbidatuentzako izango da soilik: abenduaren 12an, 19:00etan, Beikozinin. Baina herritarrei zuzendutako bigarren emanaldi bat egingo da, ostera, abenduaren 13an, 20:00etan. Saio horretarako sarrerak Turismo Bulegoan daude eskuragarri, doan izango dira eta pertsonako gehienez ere lau sarrera eskuratzeko aukera egongo da.
Banderak astinduz. Zein modu hobeagorik urteari amaiera biribila emateko herritarrekin jai giroan egitea baino. Abenduaren 30ean kalejiran aterako dituzte Arraun Elkarteak 50 urtetan irabazitako 125 banderak. 12:30ean emango diote hasiera kalejirari Ibaiondotik eta Kresala Musika Bandak girotuta herriko txoko guztiak zeharkatuko dituzte, Musika Plazara ailegatu arte. Bertan, ekitalditxo batekin emango diote amaiera urte osoko lan eta errekonozimenduari.