Ziortza-Bolibarko Udalak udaletxe berria inauguratuko du XIX. desanexio egunean
Domekan [abenduak 10] ospatuko dute desanexioaren XIX. urteurrena. Herritarrek udaletxe berrian egindako lanak ikusi ahalko dituzte. Ostean, herri kirolak egongo dira.
Hemeretzi urte dira Ziortza-Bolibar Markina-Xemeindik desanexionatu zenetik, eta ordutik, egun berezia da azaroaren 30a herritarrentzat. Aurtengoan, udalak greba feministagaz bat egin duenez, desanexio eguneko ospakizuna atzeratzea erabaki dute. Horregatik, ezin ospatu gabe geratu, eta abenduaren 10ean jarri dute hitzordua.
Aurtengoa berezia izango da gainera, izan ere, desanexioa ospatzeaz batera, udaletxe berriaren inaugurazioa ere egingo dute. 11:00etan elkartuko dira herritarrak plazan, eta udaletxeari aurreskua eginaz hasiko dute eguna. Ondoren, eguneko momentu garrantzitsuetako bat iritsiko da: herritarrek udaletxea bisitatu eta egin dituzten lanak ikusteko aukera edukiko dute. Andoni Lariz Ziortza-Bolibarko alkateak azaldu duenez, barrualdea berritu dute: “Desanexioa egin zenetik beste eraikin batean zegoen udaletxea, lehen eskola zegoen tokian. Aurreko agintaldian beste lan batzuk egin ziren, eta oraingoan eraikin berriaren barrualdea berritu dugu: bulegoak, goiko aretoa, osoko bilkurako aretoa, igogailua… Hori ikusteko aukera edukiko dute herritarrek domekan”.
Azalpenek eta Nerea Ibarzabalen bertsoek girotuko dute bisita, eta ostean, kopaua egingo dute herritarrekin. 11:30ean, berriz, II. Bertso Paper Lehiaketako sari banaketa egingo dute. Bi mailatan banatu dute lehiaketa, 16 urtetik gorakoak eta beherakoak, eta maila bakoitzeko irabazleek Errigoraren saskia eskuratuko dute.
13:00etan, berriz, herri kirolak egongo dira plazan. Bizkaiko Herri Kirol Federazioagaz elkarlanean, Bizkaia Open emakumezkoen zaku eramate finala jokatuko dute herrian Nerea Sanz, Esti Meseguer eta Amaia Mendinueta kirolariek. Ostean, herri kirol erakustaldia egongo da. Trontzan Mikel Agirre eta Andoni Zubiaurre, Oier Arana eta Joseba Arrien eta Aritz Martin eta Xabat Erleaga arituko dira. Lasto jasotzean, berriz, Bingen eta Xabat Erleaga. Zaku eramate finala lehiatuko duten hiru partaideak, ostera, ingude jasotzean ere ariko dira. Amaitzeko, Karmele Gisasolak harri jasotze lanak egingo ditu.
Egunagaz ezin hobeto amaitzeko, herriko nagusienek ere izango dute euren momentua: “Kanpape jubilatuen elkarteak urtero antolatzen du bazkideen bazkaria, eta aurtengoan desanexio eguneko ekitaldia atzeratu egin dugunez, biak egun berean ospatuko ditugu. Espero dugu jendea etortzea”.
Egitaraua:
- 11:00. Herritarrei ongi etorria plazan. Aurreskua udaletxearen sarreran.
- Ondoren. Herritarrekin bisita egingo dute udaletxe barrua ikusteko. Egindako obraren azalpenak emango dituzte. Ostean, Nerea Ibarzabalek bertsoak abestuko ditu. Bisitagaz amaitzeko, kopaua egingo dute.
- 11:30. II. Bertso Paper Lehiaketako sari banaketa.
- 13:00. Herri kirolak plazan.
- Bizkaia Open emakumezko zaku eramate finala.
- Erakustaldiak: trontza, lasto jasotzea, ingude jasotzea eta harri jasotzea.