Ibarzabal, Intxausti eta Galletebeitia, finalera begira
Zapatuan [abenduak 16], 17:00etan, jokatuko dute finala, Bilbao Arenan. Ilusioz eta gogoz daude finalistak.
Bertsozaleek galdu ezin duten hitzordua daukate zapatuan [abenduak 16], 17:00etan, Bilbao Arenan. Zortzi bertsolari norgehiagoka ariko dira Bizkaiko bertsolari onenaren txapela eskuratzeko, eta horien artetik hiru Lea-Artibaikoak dira: Xabat Galletebeitia Abaroa eta Aissa Intxausti Aburuza lekeitiarrak eta Nerea Ibarzabal Salegi markina-xemeindarra, gaur egungo Bizkaiko Txapelduna. Eurekin batera abestuko dute Aitor Etxebarriazarraga Gabiola (Gernika-Lumo), Gorka Pagonabarraga Agorria (Durango), Jone Uria Albizuri (Getxo), Oihana Bartra Arenas (Bilbo) eta Onintza Enbeita Maguregi (Muxika).
Ibilbide luze baten azken arnasa izango da zapatukoa. Izan ere, 2023ko maiatzean jokatu zuten Udaberria Bertsotan txapelketan erabakita geratu ziren Bizkaiko Bertsolari Txapelketako kanporaketetan nortzuk parte hartuko zuten. Sailkapen fasearen ostean, sei kanporaketa jokatu dituzte bertsolariek; guztira 36 bertsolarik parte hartu dute. Horietatik finalaurrekoetara iritsi direnek, berriz, zazpi bertsolari eduki dituzte zain: 2021eko finaletik zuzenean sailkatutakoak.
Intxaustirentzat lehenengo finala izango da zapatukoa, eta pozik dago orain arte lortutakoagaz: “Udaberrian hasi nintzenean ez nuen uste honaino helduko nintzenik. Etrenamentu askoren ondorio izan da. Oso pozik nago”.
Galletebeitiarentzako ere berezia izan da orain arteko bidea. Txapeldunorde izandakoa da lekeitiarra, baina, aurten gainera, aita ere izan da. Horregatik, desberdin bizi izan du aurtengoa: “Alde batetik, inoizko gutxien inporta zait txapelketa bera, baina beste aldetik, inoiz baino ahalegin handiagoa egin dut txapelketa prestatzeko. Nahiko nuke suposatu didan sakrifizio horrek zerbaitetarako balio izan didala sentitzea”. Zailtasunak zailtasun, oholtza etxe sentituko du Galletebeitiak: “Inoiz baino etxekoago sentitzen dut finaleko zortzikotea, talde bat gara”.
Ibarzabal egungo txapelduna ere «gogotsu eta indartsu» dago: “Duela bi urte, oso zentratuta egon nintzen, eta hala egon nahiko nuke berriro ere”.
Finalaurrekoetatik sailkatutako zortzi bertsolariek bi ataletan jokatuko dute finala. Lehenengo atalean bertsolari guztiek jokatuko dute, eta puntuazio altuena lortzen duten bi bertsolariak bigarren atalera sailkatuko dira, buruz-burukoa jokatzeko. Bi ataletako puntuazioak batuta altuena lortzen duenak jantziko du aurtengo txapela.
40 urte lanean. Aurtengoan, Bizkaiko Bertsozale Elkarteko sorrerako kidea izan zen Begoña Iturriza Zabalak jantziko dio txapela irabazleari: “Horixe omendu nahi izan du Elkarteak. Txapelketak eskaintzen duen erakusleihoa aprobetxatu nahi dugu, egindako bideari aitortza egiteko”. 40 urteko ibilbidea borobildu du aurten Bizkaiko Bertsozale Elkarteak, eta ibilbide horri hasiera eman ziotenei eskerrak emateaz gain, egindako lana ikusarazi nahi izan dute antolatzaileek, batez ere, “isilean” eta “ia ezkutuan” egindako “inurri lana”: “Horren erakusle, Iturriza aurtengo txapelketako txapel emaile izatea”.
Sariak. Txapelketagaz batera, elkartearen 40. urteurrena ospatzen ari dira, eta sari banaketa ere horren baitan antolatu dute. Horretarako, “elkartearen historiaren” parte izan direnek banatuko dituzte sariak. Sariak banatzen egongo dira, Leire Markuerkiaga Lea-Artibai Amankomunazgoko presidenteagaz batera, Joserra Bilbao, Unai Iturriaga, Idoia Anzorandia, Goizalde Atxutegi eta Ander Elortegi. Txapeldunari berriz, Belate Olabarria Bizkaiko Bertsozale Elkarteko presidenteak emango dio aginte makila. Amaitzeko, Nerea Bruñok Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen izenean azken sari bat banatuko du: Erramun Mendibelandaren artelan bat.