Lea-artibaitarrak txapeldun, Amurrioko Krosean
20 urtez azpiko emakumezkoen lasterketa Izaro Aranburu aulestiarrak irabazi du, eta gizonezkoena, berriz, Eneko Ibarzabal markina-xemeindarrak. Ioana Osa eta Joseina Malvido ondarrutarrak ere bigarren postua eskuratuta itzuli dira etxera.
Pasaden domekan [abenduak 10] jokatu zuten urteroko legez Amurrioko Krosa, eta 20 urtez azpiko bi lasterketetako txapelak lea-artibaitarrek irabazi dituzte.
20 urtez azpiko emakumezkoetan Izaro Aranburu aulestiarra izan zen azkarrena; hemeretzi minutu eta hogei segundogaz, bost kilometroko ibilbidea amaitu zuen. Bigarrena berriz, Jone Oar-Arteta izan zen, 00.21.55eko markagaz. Podiuma Alba Linaresek (00.22.27) osatu zuen.
20 urtez azpiko gizonezkoetan ere, Eneko Ibarzabal markina-xemeindarrak txapela Lea-Artibaira ekarri du. Ibarzabalek 22 minutu eta 47 segundotan amaitu zuen sei kilometroko ibilbidea. Atzetik iritsi zen, 30 segundo inguruko aldeagaz, Unax Martin (00.23.19). Hirugarrena, berriz, Asier Fernandez izan zen, 23 minutu eta 42 segundoko markagaz.
Ondarrutarrak ere ez ziren falta izan lasterketan. Gizonezkoen kirol egokituko lasterketa laburrean bigarren postua eskuratu zuen Joseina Malvidok, 00.05.13ko markagaz; lehenengo sailkatua baino bost segundo gehiago baino ez zituen behar izan lasterketa amaitzeko. Kros herrikoian berriz, Ioana Osak 00.19.10ko markagaz amaitu zituen lanak, eta Nuria Etxegarairen atzetik (00.18.43), emakumezkoen podiumeko bigarren postua lortu zuen.