Lehen arreta indartzeko aldarrikatu dute Lekeition
Elkarretaratzea egin dute gaur [abenduak 12] herritarrek, Etengabeko Arreta Guneetako murrizketak salatu eta lehen arreta zerbitzua indartzeko eskatuz.
Lekeitiarrak, inguruko herritarrak eta Lekeitioko osasun zentroko Etengabeko Arreta Guneko langileak elkartu, eta elkarretaratzea egin dute gaur [abenduak 12], 13:00etan, Lekeitioko osasun zentroaren aurrean. Etengabeko Arreta Guneetan murrizketa gehiago ez egiteko eta lehen arreta indartzeko aldarrikatu dute herritarrek, abenduaren 19an grebara joateko deiagaz batera.
Azaldu dutenez, urriaren 2an Osakidetzak batzar batera deitu zituen Lekeitioko eta Ondarroako medikuak: “Batzarrean esan ziguten Durangon zerbitzua betetzeko zailtasunak egongo balira Lekeitioko edo Ondarroako Etengabeko Arreta Zerbitzuko medikua joan beharko litzateke postu hori betetzera”. Ondorioz, Lekeitioko, Ondarroako eta inguruetako herritarren beharrak bi erizainen eskuetan geratuko liratezke: “Gainera, erizain horiek hainbat agindu dituzte. Arazoa konpondu badezakete, egin egingo dute. Ezin badute konpondu eta arazoa atzeratu badaiteke, hurrengo egunerako utziko dute. Arazoa larria bada, berriz, Gernikara bideratuko dute pazientea, eta arazoa hil edo bizikoa bada larrialdietako medikuari deitu eta hark telefonoz bideratuko du zerbitzua”.
Osasun langileek eta herritarrek agindu honen aurrean haserrea adierazi dute gaurko elkarretaratzean: “Durangora joateko aginduari ezin zaio ezezkoa eman, baina, agindua jasotzean idatzi bat egin, errekurtso judiziala aurkeztu eta herritarrok berriro elkartuko gara”.