Prest daude ziortza-bolibartarrak San Tomas jaiei hasiera emateko
Zapatuan [abenduak 16] herri bazkariagaz hasiko dituzte San Tomas jaiak. San Tomas egunean talo jana egingo dute.
Gabonen atarian, San Tomasetako jai giroan murgilduko dira hiru egunez ziortza-bolibartarrak. Zapatuan [abenduak 16], domekan [abenduak 17] eta datorren eguenean [abenduak 21] herritarrek ez dute aspertzeko astirik edukiko.
Goi-goitik hasiko dituzte jaiak zapatuan, herri bazkariagaz: “Oraingoz 150 nagusi eta 35 ume inguru elkartuko gara, baina beti egoten da azken momentuan izena ematen duen norbait”. Aurtengoan, jaia gaueraino luzatzeko asmoz, musika izango da arratsaldeko protagonista nagusia. Bazkalostean giroa berotzen hasiko da play-back emanaldiagaz. Ostean, Akerbeltz taldeak kontzertua eskainiko du, eta eguneko musika emanaldiagaz amaitzeko, 22:00etan Dj LUDOKek ariko da musika jartzen.
Musika emanaldiak gutxi ez, eta DJ saioaren aurretik, 20:00etan, ugazabaren eta errenteroaren parodia egingo dute herritarrek: “Lehen errenteroak bere errenta etxean zeukan generoagaz ordaintzen zion ugazabari, eta horren parodia egingo dute herritarrek. Ostean, bertso batzuk ere abestuko dituzte”. Emanaldiaren ostean indarrak hartzeko, gaztaina jana ere egingo dute.
Domekan, berriz, umeak izango dira protagonista. Mezaren ostean, dantza saioa eskainiko dute, eta arratsaldean ipuin mitologikoak kontakizun emanaldia egongo da. Hotzari aurre egin eta eguna ezin hobeto amaitzeko, txokolatada egingo dute. San Tomas egunean berriz, “herritar guztiak elkartzeko aitzakiagaz”, talo jana egingo dute 18:00etan: “Herritarrei baserritar jantzita etortzera animatzen diegu”.