Aparteko giroan ospatu dituzte santomasak Mutrikun eta Ziortza-Bolibarren
Mutrikun animalien, artisauen eta elikagaien azoka egon da. 13:30ean ‘Errematu dikea dauan luzeran eta alde hemendik’ lemapean elkarretaratzea egin dute herritarrek. Ziortza-Bolibarren herri bazkariaren ostean play-back saioa eskaini dute umeek eta ondoren Akerbeltz erromeria egon da.
Eguraldi eguzkitsua lagun, gogoz zeuden mutrikuarrak santomasak ospatzeko. Goiztiarrenak azoka ireki denerako, 10:00etarako, elkartu dira Goiko Plazan. Plaza postuz goraino beteta, aukera gastronomiko anitza eduki dute erosleek: Esnekiak, fruta, barazkiak, pastelak, pintxoak… Horrez gain, artisau postuetan ere gustu guztietarako produktuak saldu dituzte, esaterako, belarritakoak, lepokoak, boltsak, kamisetak eta jertseak. Umeek ere ez dute aspertzeko astirik eduki: zaldiak, txerriak, poniak, oiloak… denetarik ikusteko aukera eduki dute. Nagusienak goizean-goiz elkartu dira plazan eta taloa jan ostean, hainbat kantu abestu dituzte.
Taloa eta santomasak batera doazela argi geratu da beste behin ere. Ataungo Talogileak plazaren erdian, ezin lana egiteari utzi. Goiko Plaza guztia zeharkatu duen ilara egon da, baina guztiek gozatu ahal izan dute talo eder bategaz. 13:30ean berriz, dikea dagoen luzeran amaitzea eskatzeko elkarretaratzea egin dute herritarrek: elizako eskailerak goraino bete dituzte, ‘Errematau dikea dauan luzeran eta alde hemendik’ lemapean. Ostean, herriko trikitilariek hartu dute txanda, eta giro ezin hobea jarri dute plazan.
Eguneko ospakizunen ostean, gauekoak helduko zaizkie mutrikuarrei. 19. Abendurock jaialdiari ekin zieten atzo, Ezpalak eta Rodeo taldeen kontzertuekin. Gaur, berriz, herriko musikariak igoko dira gaztetxeko oholtzara, eta MRK Gaua ospatuko dute. Bihar ere ez dute aspertzeko astirik edukiko, izan ere, gizonezkoen mailako Gipuzkoako Herri Kirol Txapelketa hartuko du Mutrikuko Beheko Plazak.
Ziortza-Bolibarren ere, nola ez, santomasetako ospakizunetan murgildu dira. Bazkaritarako elkartu dira herritarrak, 14:30ean: guztira 35 ume eta 150 nagusi elkartu dira. Bazkalostean, berriz, umeen txanda izan da eta play-back saioa eskaini dute. Frontoiko hotzari aurre egin eta gorputza dantzan jartzeko, Akerbeltz taldeak hartu die erreleboa umeei.
Erromeriaren ostean, oraindik ere geratzen zaie ospakizunetarako denbora herritarrei. 20:00etan ugazabaren eta errenteroaren parodia egingo dute, eta ondoren, bazkalostean prestatzen aritu diren gaztainak jango dituzte. Egunagaz amaitzeko, DJ LUDOKen txanda izango da. Bihar eta datorren eguenean [abenduak 21] ere ospakizunekin jarraituko dute herritarrek, umeen dantza emanaldia eta txokolatada, tarteko.