Alamedako Pentsiodunek autobus zerbitzuaren maiztasuna areagotzeko eskatu dute
Bilbora eta Galdakaoko ospitalera joateko autobus zuzenen maiztasuna areagotzeko eskaera egiteko sinadura bilketa martxan jarri dute. Gabonetan mahaiak jarriko dituzte kalean.
Ondarroako pentsiodunek astelehenean [abenduak 18] egin zuten urteko azkenengo elkarretaratzea Alamedan eta 160 lagun batu ziren, Gabonetako etenaldiaren aurreko azken hitzorduan: urteko lehenengo hitzordua urtarrilaren 8an izango delarik.
Elkarretaratzeak etenaldia izango duen arren, lanak ez du etenik izango. Duela aste bete inguru hasitako sinadura bilketarekin jarraituko baitute Gabonetako egunetan. Ondarroatik Bilbora edo Galdakaoko ospitalera joateko garraio publikoaren maiztasuna areagotzeko eskatuko dute, zehazki, zuzeneko zerbitzuena. “Goizean zuzeneko bi autobus daude, 06:30ean eta 07:30ean, hortik aurrera ohiko garraio zerbitzua dago soilik eta ordu 1 eta 45 minutu behar ditugu Bilbora ailegatzeko, Galdakaora, ostera, ordu 1 eta 15 minutu inguru. Bidaia horiek 15 minutuko kontsultara joateko egitea edota gaixorik zaudenean egitea ez da bidezkoa, ez dago eskubiderik horretarako”. Egoeraren aurrean, goizean gutxienez zuzeneko beste bi autobus jartzea eskatzen dute eta arratsaldean, bueltarako, beste bi.
Alamedako pentsiodunek garraio publikoaren erabilera areagotu nahi duten instituzioei zuzentzen diote eskaera, egungo baldintzek seme-alaba edo familia kideen menpe egotera bultzatzen baitu: “Garraio publikoaren erabilera areagotu nahi dute, baina zerbitzuak herritarren beharretara egokitu behar dira. Seme-alaba edo familiako kideen menpe egotea dakartza egoera honek eta lan orduak dituzte, ezin dute gure beharretara egokitzen egon zerbitzu publiko egoki batek egoera konpondu dezakeenean”.
Egoeraren aurrean,sinadura bilketa abiatu dute, eta lau egun zehaztu dituzte Gabonetako egunetan, zehazki, abenduaren 23an, 24an, 31n eta urtarrilaren 7an mahaiak jarriko dituzte kalean. “Sinadurak biltzen egongo gara, hurbildu nahi duenarentzat, gutxinaka gure lana egiten joango gara”. Behin sinadurak bilduta, Ondarroako Udalaren babesaren bila joko dute udal osoko bilkuran. “Eskaera aldundira bideratuta dagoen arren, udalaren bidez egin nahi dugu”.