Guggenheim Urdaibai Stopen hitzaldia, Mutrikun
Mutriku Natur Taldeak antolatu du biharko [abenduak 21] hitzaldia; 19:00etan, Zabiel kultur etxean.
Mutriku Natur Taldeak Guggenheim Urdaibai Stopen hitzaldia antolatu du biharko [abenduak 21]. “Nola ulertu liteke EAEn dugun Biosfera Erreserba bakarraren bihotzean 140.000 turista erakarri beharko duen ‘museo-jantoki’ bat kokatzea eta sei kilometrotan Urdaibaiko paduran zehar pasako den pasabide berria bultzatzea?”. Bihar 19:00etan helduko diote gaiari Zabiel kultur etxean.
Hauteskunde garaietan alderdi politikoek “ingurumena babestearen aldeko” jarrerak erakusten dituztela adierazi dute, baina benetan jorratzen dituzten jarrerak bestelakoak direla. “Gure ekosistemak zaintzea eta hobetzea gizakion etorkizuna baldintzatuko duen zutabea dela adierazten dute behin eta berriro, baina nola dira beren benetako jokaerak? Mutrikuarrok ondo dakigu Madrileko gobernu berriak behar dituen bozkak lortzeko nola negoziatzen dituzten ingurumen legediak ez betearazteko ‘salbuespenak'”.
Urdaibaiko Erreserba legea hautsi eta “propaganda instituzional gezurtia” erabiliz gizartea engainatu nahi dutela salatu dute. Hortaz, gaiaren inguruan aritzeko saioa antolatu dute bihar. “Gizarte informatua eta hezitua, askoz zailago da engainatzeko”.