Musikaiaren Gabon kontzertua "ikusgarria" izan da
Umeek eta nagusiek kontzertuak eskaini dituzte eta bien kontzertuak "oso arrakastatsuak" izan dira.
Lekeitioko Musikaia musika eskolak atzo [abenduak 19] eskaini zuen Gabon kontzertua, eta bai herritarren erantzunagaz, eta baita ikasleen eta gurasoen erantzunagaz ere “oso pozik” daude antolatzaileak. “Oso politak izan ziren bi kontzertuak, eta dotore irten zen dena, zoragarri”.
17:30ean izan zen gaztetxoenen hitzordua, eta Andra Mariaren Zeruratzea parrokia goraino bete zuten: “Jendea sartu eta sartu, ilara ez zen amaitzen. Gainezka egon zen eliza”. Ikasleak urduri zeuden arren, “oso ondo” joan zen kontzertua. “Ilusio handia” zuten denek, eta askok, gaixorik egonagatik ere, kontzertua ematera joateko esfortzua egin zuten.
Musikari beteranoen txanda, aldiz, 19:30ean izan zen eta Kantakai Koralak eta Kilinkala Abesbatzak abestu zuten. Kantakaikoekin Uzupirouette Dantza Taldeak parte hartu zuen: “Neomaken Ilargi berriak abestian dantzatu zuten, aldare gainean. Oso oso polita eta ikusgarria izan zen”. Ostean, Kilinkala Abesbatzak abestu zuen, eta Etorkizuna Dantza Taldekoek parte hartu zuten abesti batean: “Elizako korridorean bi bikotek egin zuten dantzan, eta hau ere oso polita izan zen, asko jantzi zuen kontzertua”.
Kontzertuekin amaitzeko Kantakai Koralekoek eta Kilinkala Abesbatzakoek batera abestu zuten, eta amaiera ere “ikusgarria” izan zen. Antolatzaileak lortutakoagaz “oso pozik” geratu dira: “Bai gurasoen aldetik eta bai ikasleen aldetik ere oso pozik gaude. Partaidetza eta ilusioa sekulakoak izan dira. Ikusleengandik zer esanik ez, eliza goraino beteta, oso pozik gaude erantzunarekin”.