Giroa bero egon da Lekeitioko Santo Tomas azokan
Jende ugari elkartu da Independentzia plazan eta inguruetan. Ortuari onenaren saria Igor Letek irabazi du.
Eguraldi hotza eginagatik, giroa bero egon da Lekeitioko Santo Tomas azokan. Herritarrez gain, Lea-Artibai eskualdeko gainontzeko herrietako jende mordoa ere bertan elkartu da.
Ekoizle, artisau eta baserritarren artean 32 postuk bete dute plaza; horietako asko, gainera, produkturik gabe ere geratu dira. Erosleek nahieran eduki dituzte produktuak, eta gose zeudenek ere ederki bete dute sabela. Horretan aritu dira, hain zuzen ere, Azkue Ikastolako, Herri Eskolako eta Lekeitio BHIko ikasle eta irakasleak: taloak eta pintxoak erosteko sekulako ilara eduki dute denek.
Animaliak ere ez dira falta izan eta ume eta gaztetxoek eduki dute zer ikusi: behiak, oiloak, txerriak, ahuntzak… Gainera, giroa are gehiago berotu dute herriko Musikaia Musika Eskolako trikitilari eta pandero jotzaileek. Ostean, Lekeitioko Udalak ortuari onenaren saria banatu du, eta Igor Letek eskuratu du Iparragirreko Ortuegaz; 300 euroko sariagaz, pozik itzuliko da etxera Lete. Isuntza Arraun Elkartekoek berriz, txahala edo 1.200 euroko saria zozkatu dute, eta 1.404 zenbakia izan da saritua; ordezkoa, berriz, 7.470 zenbakia izan da.