Lekeitioko Lagunkoia taldeak amaiera "ezin pozgarriagoa" eman dio urteari
Elorrioko taldeko bost kidek ere parte hartu dute Lekeitioko taldearen urteko azken batzarrean, euren udalerrirako dinamiketarako ideiak hartzeko.
Lekeitioko Lagunkoia taldeak urteko azken batzarra egin du. Bertan, 2023ko errepasoa egin, egindakoaz hausnartu eta 2024rako ildo nagusi batzuk finkatu ditu. Elorrioko taldeko bost kidek ere parte hartu dute batzarrean, “ikusteko eta adibideak hartzeko euren herriko dinamiketarako”.
Elorrion oraindik diagnostiko fasean dauden arren, “oso pozik” geratu dira jasotako adibide eta aholkuekin: “Espero dute Lekeition lortutako eginkizun batzuk eurek ere egin ahal izatea, adibidez, tabernen portaera komunen erabilera libreagaz”.
Elkarrekin Lekeitioko hainbat txoko bisitatu ostean, dominikar mojen komentuan amaitu dute eguna: “Sor Benita bertako nagusia Elorriokoa denez, oso pozik egon da herritarren bisitagaz. Amaiera ezin pozgarriagoa eman diogu urteari”.