Markina-Xemeingo Udalak txandakako lau aparkaleku jarri ditu Zelaibarrin
30 minutuz aparkatu ahal izango da. Txandakako aparkalekuak enkarguak eta tramite azkarrak errazteko jarri ditu udalak.
Enkarguak eta tramite azkarrak egitea errazteko, Markina-Xemeingo Udalak txandakako lau aparkaleku jarri ditu Zelaibarri kalean. Horren bitartez, Goikoportalera sartzen den ibilgailu kopurua murriztu nahi dute: “Gogorarazi nahi dugu establezimenduei zerbitzua ematen dieten banatzaileek soilik dutela sarrera baimenduta Goikoportalera”.
Gehienez 30 minutuz aparkatu ahal izango da gune honetan, astelehenetik barikura 08:00etatik 20:00etara eta zapatuetan 08:00etatik 13:00etara. Ordutegi horretatik kanpo ohiko aparkalekuen funtzionamendua edukiko dute.
Aparkalekuak martxan dauden arren, “proba pilotu moduan” jarri dituzte, eraginkortasuna aztertu eta herriko beste toki batzuetan mota honetako aparkaleku gehiago jartzea baloratzeko. “Edonola ere, ibilgailuen erabilera arduratsua egitea beharrezkoa da, oinezkoen mugikortasunerako aproposa den herrigunea dugu eta”.
Argazkia: Markina-Xemeingo Udala.