23. Korrikaren ibilbidea eta ordutegiak zehaztu dituzte
Euskararen aldeko ekimena Lea-Artibai eta Mutrikutik igaroko da martxoaren 20an: herriz-herriko ibilbidea eta ordutegiak eskuragarri daude.
23. Korrikak 2.700 kilometroko ibilbidea osatuko du. Martxoaren 14an Irundik atera eta martxoaren 24an Baionan amaituko den euskararen aldeko ekimenari buruzko xehetasunak mugikorreko aplikazio baten bitartez jarri dituzte eskuragarri.
Harro Herri lelopean Euskal Herriko hamaika herri eta auzo igaroko ditu 11 egunean, eta kilometroak erreserbatzeko aukerari otsailaren 1ean zabalduko dute.
Irungo San Juan plazan emango ditu lehen pausoak korrikak eta Lea-Artibai eta Mutrikura martxoaren 20an ailegatuko da. Zehazki, 14:11n Mutrikura sartzea aurreikusten da, 15:03an Ondarroako Arrigorrira ailegatuz.
Eskuz esku ibiliko da lekukoa Berriatua, Markina-Xemein, Ziortza-Bolibar, Munitibar, Aulesti, Gizaburuaga, Amoroto, Lekeitio eta Ispaster igaroko ditu eta Busturialdera abiatuko da 20:46an Eara ailegatuz.
Herriz-herriko ordutegiak:
- Mutriku:14:11
- Ondarroa:15:03
- Berriatua: 15:35
- Markina-Xemein: 16:01
- Ziortza-Bolibar: 16:53
- Munitibar: 17:32
- Aulesti: 18:05
- Gizaburuaga: 18:50
- Amoroto: 19:10
- Lekeitio: 19:29
- Ispaster: 20:08
Korrikaren aplikazioari berrikuntzak egin dizkiote, nabarmenen artean, Korrika martxa zuzenean jarraitzeko aukera dago. “Furgonetaren geolokalizazioaren bidez, korrikalariek jakingo dute Korrika aurreratuta ala atzeratuta datorren; hots, aplikazioaren erabiltzaileek une oro egiaztatu ahal izango dute nondik dabilen lasterketa”. Horrez gain, Korrikaren laguntzaileen txartela dauka eta zozketan egingo dituzte astero.