Badatoz San Anton jaiak Barinagara
Domekan [urtarrilak 14] hasi eta urtarrilaren 20ra arteko egitarau oparoa antolatu du Barinagako Jai Batzordeak. Jaiekin hasteko 8 kilometroko ibilbidea egingo dute, auzoan zehar. Bertso afaria, berriz, urtarrilaren 20an egingo dute.
Eguraldi hotzari jendearen berotasunagaz egingo diote aurre Markina-Xemeingo Barinaga auzoko San Anton jaietan. Urteko lehen jaiei domeka honetan [urtarrilak 14] emango diete hasiera, eta urtarrilaren 20an amaituko dituzte.
Jaiei hasiera emateko, Barinaga auzoa ezagutzeko ibilbidea antolatu dute Barinaga Jai Batzordeko kideek: “Guztientzako da aproposa, baita gaztetxoekin egiteko ere. 8 kilometroko ibilbidea izango da, eta Barinaga auzoa ezagutu ahal izango dute. Iganderako plan polita izan daiteke”. Ostean, gainera, partehartzaile guztientzat kopaua egingo dute. Eguerdian berriz, urteroko ohitura bihurtu den jubilatuen bazkaria egingo dute; iaz 40 lagun inguru elkartu ziren, eta aurtengoan ere hala espero dute antolatzaileek.
Aurten bi berritasun edukiko dituzte. Lehenengoa barikuan helduko da: Balbea antzezlana eskainiko du Iñaki Ziarrusta aktoreak. Bigarrena, berriz, urtarrilaren 20an egongo da: Oier magoak magia saioa eskainiko du elizan.
Karta jokoak eta kirola ere ez dira faltako jaietan. Domekan briska txapelketa egingo dute, eta urtarrilaren 20an, berriz, mus txapelketa. Pelota partida eta pala txapelketako finala ikusteko aukera edukiko dute auzotarrek urtarrilaren 19an, eta kirolagaz hasiko dute hurrengo eguna ere: III. Neguko Bolak hiru txirlo txapelketako finalagaz gozatzeko aukera egongo da, 17:00etan.
Jaiak goi-goitik amaituko dituzte, punta-puntako bertsolari eta musikariekin. Urtarrilaren 20an, 21:30ean, Nerea Ibarzabal Salegi eta Andoni Egaña Makazaga bertsolariekin bertso afaria edukiko dute auzotarrek: “Jende gehien bertso afarian batzen da, normalean 100 lagunetik gora elkartzen gara. Asko gustatzen zaio jendeari”. Antolatzaileek adierazi dutenez, afarirako tikeak Baskaran estankoan salgai daude. Jaiak ezin hobeto amaitzeko, Laja eta Lutxurdio trikitilarien erromeria egongo da.
Auzolanari, eskerrak. Auzolanean antolatu dituzte jaiak Barinaga Jai Batzordeko kideek: “Auzoko hamar lagun inguru elkartzen gara, eta denon artean antolatzen ditugu. Gainera, auzora etorri den jende berriak ere parte hartzen du. Pozik gaude guztion artean jaiak aurrera atera ahal ditugulako”.