Markina-Xemeingo Udalak eta Lea-Artibai Amankomunazgoak berriztu dute hitzarmena. Hemendik aurrera 14 urtetik gorako Lea-Artibaiko edozein ikaslek erabili ahal izango du Ikasgela.
Lea-Artibai Amankomunazgoak eta Markina-Xemeingo Udalak gaztetxoentzako eskaintzen duten ikasteko gelaren hitzarmena berritu dute, 2025eko urtarrilera arte. Hitzarmen berria sinatzeagaz batera, hainbat berritasun zehaztu dituzte.
Iratxe Lasa Arana Markina-Xemeingo alkateak adierazi duenez, azken agintaldian baldintzak aldatu ziren, eta 16 urtetik gorako Markina-Xemeinen erroldatutako ikasleek soilik erabili zezaketen Ikasgela. Orain, berriz, 08:00etatik 22:00etara 14 urtetik gorako Lea-Artibaiko ikasleentzat irekita egongo da: “Aurrerakuntza bat da. Azken finean, Etxebarritik, Ziortza-Bolibarretik, Aulestitik, Munitibarretik… gazte asko etortzen dira Markina-Xemeinera ikastera. Gure herria ikasketa gune garrantzitsua dela uste dugu”.
Txartelen eguneraketa. Ikasgelara sartzeko txartela dutenek urtarrilaren 31tik aurrera Amankomunazgoaren egoitzan eguneratu egin beharko dute, hitzarmen berriaren ondorioz. Txartel berria eskatu nahi dutenek berriz, Udaletxeko Berton bulegoan egin dezakete eskaera. “Ezinbestekoa da txartela berriztea Ikasgela erabiltzen jarraitzeko”.