Martxan dago Lekeitioko aratusteetako kartel lehiaketa
Urtarrilaren 23ra arte aurkeztu daitezke lanak, eta irabazle bakarra egongo da. Kartelik onenak 200 euroko saria jasoko du; urtarrilaren 31n jakinaraziko dute irabazlea nor izan den
Lekeitioko Udalak eta Jai Batzordeak aratusteetako kartel lehiaketa jarri dute martxan. Urtarrilaren 23ko 21:00ak arte aurkeztu ahalko dira lanak, eta trukean, irabazleak 200 euroko saria eskuratuko du.
Edonork parte hartu dezake lehiaketan. Derrigorrez honako testua izan beharko duela adierazi dute: “Aratusteak 2024. Lekeitio. Otsailaren 8tik martxoaren 9ra”. Horrez gain, Lekeitioko Aratusteei lotutako berezitasunen bat ere agertu beharko da. Teknika berriz, librea izango da.
Aurkezteko modua. Lanak euskarri digitalean aurkeztu beharko dira, PDF edo JPg formatuan. A3 tamainako lanak izan beharko dira, bertikalean. Horrez gain, gutxienez 225ppp-ko bereizmena eduki beharko dute. Kartelaren artxiboarekin batera lelo edo esaldi bat ere jarri beharko da.
Egilearen datuak agertu beharko dira mezu elektronikoan: izen-abizenak, helbidea eta telefono zenbakia. Kartela eta datu guztiak kulturetxea@lekeitio.eus helbidea bidali beharko dira.
Epaimahaia. Emakume eta Berdintasun zerbitzuak ikusiko ditu lanak lehenengo: “Genero ikuspegia errespetatzen dutela bermatzeko”. Horren ostean, aurrera jarraitzen duten lanen artean Jai Batzordeak eta Emakume eta Berdintasun zerbitzuek erabakiko dute aurkeztutako lanik onena zein izan den. Azaldu dutenez, saririk ez ematea erabaki dezakete, aurkeztutako kartelek behar besteko mailarik ez dutela erabakiz gero.
Aukeraketaren ostean, urtarrilaren 31n jakinaraziko dute irabazlea, Lekeitioko Udalaren Facebook orrian eta komunikabideetan.